Azaroaren 11ko greba prestatzeko batzarrak antolatu ditu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Oreretan asanblada bihar—osteguna— izango da 18:00etan udaletxean; Oiartzunen, etzi —ostirala— elkartuko dira kontzejupean 18:00etan
batzarraren berri ematen duen kartela, kalean. Azaroaren 11ko greba orokorra prestatzen hasteko asanbladak antolatu ditu Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Euskal herri luze-zabalean 80 batzar egingo ditu, eta tartean izango dira Errenteria-Orereta eta Oiartzun.
Oreretako asanblada bihar, osteguna, egingo du 18:00etan udaletxean; Oiartzungoa, berriz, etzi, ostirala 18:00etan kontzejupean.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak exijentzia zehatzak eramango ditu azaroaren 11ko etxebizitza eskubidearen aldeko grebara: espekulatzaileen desjabetzea, espekulazioaren debekua, eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea defendituko du.
Asanbladen bidez mobilizazioak zabaldu, antolakuntza sustatu eta greba auzo eta herrietatik antolatzea du helburu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak GKS Gazte Koordinadora Sozialistarekin elkarlanean. “Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin— ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru— batera etxebizitza sindikatuek —Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Etxebizitza Sindikatuen Sarea— greba deialdiaren erregistro egunean azaldu bezala, argi dugu euskal langileriaren kezka nagusia den etxebizitza, euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu dela”.
Etxebizitza bermatu beharreko eskubidea dela gaineratu du, “osasungintza eta hezkuntza bezala. Etxebizitza eskubidea bermatzeko oztopo nagusia espekulazioa da”. Euskal Herriko patronala zein instituzioen ardurari ere egin die aipu sindikatuak, “langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen duten bitartean, langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen baitute, baita etxebizitzaren arloan ere”. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako gobernua zeina skotariko udalen jarrera salatu du bukatzeko, “negozioa indartzen duten politikak egiten jarraitzen dute, eskumen zabalak dituzten arren etxebizitza arloan. Guk argi dugu, errentisten aldeko politikak egiteari uzteko garaia da”.
