Mikel Odriozola estadioko kantina, zabalik
Aurrerantzean Errenteriako atletismo taldeak ustiatuko du kantina.
Mikel Odriozola estadioa. Beraungo Mikel Odriozola estadioko kantinak ateak zabaldu ditu berriro, eta aurrerantzean Errenteriako Atletismo Taldeak ustiatuko du.
Kudeaketa berriaren helburua da kantina kirol jardueraren zerbitzu osagarri eta kirolarientzako, familientzako, klubentzako eta instalazioetan egiten diren jardueretara joaten diren publikoentzako topagune bihurtzea. Proposamenak arreta berezia jarriko du jarduera handieneko uneetan, batez ere asteburuetan, lehiaketetan, txapelketetan eta bestelako kirol ekitaldietan.
Eskaintza gastronomikoak kafetegiko ohiko produktuak eta sukaldaritza arina uztartuko ditu, hala nola kafeak, infusioak, pintxoak, tortillak, ogitartekoak, sandwichak eta edariak, aukera osasungarriekin eta kirol ingurune baten ezaugarrietara egokituta. Halaber, aukera begetarianoak eta behar dietetiko espezifikoak dituzten pertsonentzako produktu egokiak aurreikusten dira, baita alergenoei buruzko informazioa ere.
Kudeaketa berriaren konpromisoetako bat izango da prezio politika eskuragarria mantentzea, instalazioaren izaera publiko eta kirol izaerari egokitua eta, bereziki, familiei sarbidea erraztera bideratua. Halaber, bideragarria den guztietan, tokiko produktuak, osasungarriak eta hurbilekoak erabiltzea aurreikusten du proposamenak, bai eta hondakinak eta erabilera bakarreko plastikoen erabilera murrizteko neurriak ere.
Taberna zerbitzua kirol instalazioaren erabiltzaileei ez ezik, herritar guztiei ere zuzenduta dago, jendearentzako sarrera independentea baitu.
Errenteria Atletismo Taldeak zerbitzua emateko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriko ditu, eta kantinaren ekipamendua bere gain hartuko du, agirietan ezarritako baldintzen arabera. Aurreikusitako antolakuntzak, hasiera batean, kudeaketaren eta koordinazioaren arduradun bat eta laguntza operatiboko beste bat izango ditu, eta arreta euskaraz eta gaztelaniaz emango dela bermatuko da. Esleipen honekin, Errenteriako Udalak Beraungo kirol instalazioetako zerbitzu osagarriak indartu nahi dituela eta kantina elkarbizitzarako eta kirol jarduera trinkoari laguntzeko gunea izan dadin lagundu nahi duela esan du.
