Sokatira txapelketa herrikoiaren bigarrena, Hamabostaldiaren barruan
Txapelketan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute. Seikoteka eman behar da izena, parekidetasuna bermatuta.
Euskararen Egunaren harira antolatzen duten Hamabostaldia ari da forma hartzen. Jo eta su ari da horren atzean den lantaldea. Egitarauaren barruan, aurten ere Sokatira Txapelketa Herrikoia; bigarren ekitaldia izango du eta parte hartzeko izen-ematea zabalik izango da azaroaren 10era arte.
Azaroaren 22an igandearekin egingo dute erakustaldia Fanderiako Agustina Otaola Raketista Profesionala pilotalekuan 10:30etik 13:00etara. Seikoteka eman behar da izena, parekidetasuna errespetatuta, “hiru emakume eta hiru gizonek osatuak behar dute seikote horiek”; guztiak 18 urtetik gorakoak, betiere. Partaideen pisua ez da kontuan hartuko, “helburua goiz dibertigarria eta atsegina pasatzea izango baita”.
Hori horrela, kirol elkarteak, auzo elkarteak, ikastetxeak, lagun taldeak… animatu ditu udalak taldeak osatu eta parte hartzera. Parte hartzen duten talde guztien artean Burdinola jatetxean gozatzeko bi bazkari edo afari zozkatuko dira.
Nahi adina taldek eman dezakete izena. Horretarako, mezua bidali behar da posta elektronikoz (klik hemen) taldearen izena, arduradunaren izen abizenak, eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztuta.
