Teo Alberro ez da EH Bilduren alkategai izango: "Pasaiako alkate izatea ohore handia izan da niretzat"
"Lan asko egin dugu, erronka asko izan ditugu eta oraindik baditugu zeregin asko. Urte hauetan ikasi dut herria dela udalaren bultzada", esan du Alberrok.
Teo Alberro Bilbao. Teo Alberro Bilbao Pasaiako alkateak iragarri du ez dela 2027ko maiatzaren 23ko udal hauteskundeetan Pasaiako EH Bilduren zerrendaburu edo alkategai izango. “Plazera izan da beste leku batetatik herria egitea. Pasaiako alkate izatea ohore handia izan da niretzat”. 2023ko udal hauteskundeetan koalizioaren zerrendaren buru izan zen Alberro; EH Bilduk irabazi zituen hauteskunde horiek, eta zortzi zinegotzi eskuratu. Udal gobernua Podemoseko zinegotziarekin osatu zuten. Agintaldia ez da bukatu, ordea: “2027ko ekainera arte zuekin hartutako konpromisoei erantzuten jarraituko dut ilusioz eta gogoz”, esan du.
Sare sozialen bidez eman du bere erabakiaren berri Alberrok. Esan du plazera izan dela harentzat kalean, batzarretan, edo alkateordetzetan pasaitarren kezkak jaso “eta elkarrekin herria hobetzea”. Lana erruz egin duela azaldu du, “lan handia egin dugu, erronka asko izan ditugu eta oraindik baditugu zeregin asko. Urte hauetan ikasi dut herria dela udalaren bultzada”.
2023tik bidelagun izan duen udal taldeari eskerrak eman dizkio alkateak, herrikideei ere mezua helarazi die: “Mila esker zuen konfiantzagatik. Pasaiako kaleetan ikusiko dugu elkar, beti bezala”.
