PDFk proposamenak aurkezteko epea zabaldu du
PDFren bederatzigarren ekitaldia 2027ko ekainaren 10etik 13ra bitartean izango da, eta Haatikek programazioa osatzeko proposamen artistikoak jasotzeko epea ireki du.
Zortzigarrenaren balorazio bikaina egin ondoren, Haatik Dantza Konpainia Pasaiako Dantza Festibalaren (PDF) bederatzigarren ekitaldia antolatzen hasi da. Dantza ardatz duen festibalaren bederatzigarrena 2027ko ekainaren 10etik 13ra bitartean izango da, Antxon, eta Haatikek PDFren programazioa osatzeko proposamen artistikoak jasotzeko epea ireki du.
Deialdia Euskal Herriko dantza sortzaileei eta konpainiei zuzenduta dago, eta jaialdiaren egunetan taularatzeko prest izango dituzten lanak aurkeztu ahal izango dituzte bertan.
Haatiken helburua da gaur egun euskal dantza panoraman dagoen sorkuntza koreografikoaren eskaintza ezagutzea eta euskal sortzaileen dantza konpainien jardueraren ikuspegi eguneratua izatea. Deialdian bildutako informazioa, edizio berriko programazioa osatuko duten ikuskizunak aztertu eta hautatzeko oinarri izango dela adierazi du Haatikek.
Sustatzaileen asmoa da PDF espazio parte hartzaile, parekide eta integratzaile gisa sendotzea, dantza gizarteratzen eta ikusle berriak erakartzen laguntzeko. Hori lortzeko, dantza sortzaileen lanak erakusteaz gain, jarduera osagarriak eskainiko dituzte: tailerrak, erakusketak edota solasaldiak. Horien bidez dantzaren ezagutza sustatu eta herritar guztiei diziplina horretara hurbiltzeko aukerak eskaini nahi dizkie Haatikek.
Deialdia
Euskal Herriko zazpi probintzietako sortzaileek eta konpainiek aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak. Ikuskizunak iraupen laburrekoak edo ertainekoak izan beharko dira, eta kalean zein ezohiko espazioetan antzezteko sortuak izan beharko dira.
Proposamenak aurkezteko, PDFren webgunean eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute interesdunek. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 20ra arte egongo da zabalik.
