'Sagutxo tuntuna', musika, dantza eta antzerkia familian gozatzeko ikuskizuna
Larunbatean izango da emanaldia, 18:00etan hasita Lekuona Fabrikan. Doakoa da sarrera baina gonbidapena behar da.
Musika, dantzaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango da familia artean larunbatean. BapoBapo produkzioak konpainiak eta Andra Mari Abesbatzak eta Orkestrak Sagutxo tuntuna ipuin musikala aurkeztuko dute In Tabulis taldearen eskutik. Lekuona Fabrikan izango da emanaldia, 18:00etan hasita, doan, Hori bai, gonbidapena beharrezkoa izango da.
Haurrentzako operan oinarritutako lana da, eta Dmitri Shostakovichek konposatu zuen 1940ean izenburu bereko animazio film labur batentzat.
In Tabulis taldeak taularatuko duen euskal egokitzapeneko pertsonaiak ganbera taldeko instrumentistek antzeztu eta karakterizatuko dituzte: Flauta Sagu anderea izango da, fagota Txerri anderea, klarinetea Izeba Ahatea eta biola Behorra; Katu andereñoa kantari batek antzeztuko du; Sagutxoaren papera txotxongilo bat darabilen antzezle eta narratzaile batek beteko du; eta azkenik, etxaldeko zaindaria den Txakur emea dantzari bat izango da.
Andra Mari Abesbatzak ikuskizun hau antolatzeko Kutxa Fundazioaren babesa eta Errenteriako Udalaren sustapena izan ditu.
Gonbidapenak eskuratzeko: Lekuona Fabrika zein Aldakoenea Udal Bibliotekako erakusmahaietan edo online (klik hemen)
Fitxa artistikoa eta teknikoa
- Gidoia: Juan Kruz Igerabide
- Zuzendaritza artistikoa, biola, ahotsa eta moldaketa: Maider López
- Zuzendaritza eszenikoa: Elena Bezanilla
- Txotxongiloaren sorkuntza eta aholku artistikoa: Anita Maravillas Tailerra
- Koreografia eta dantza: Inalvis Pando
- Aktorea eta narratzailea: Ainhoa Pineda
- Musikariak, In Tabulis taldea: Ainara Zubizarreta (flauta), Izadi Velez de Mendizabal (fagota), Elena Arbonies (klarinetea)
- Musika talde gonbidatua: Andra Mari Abesbatza eta Orkestra
