Tasa eta zergen igoera, baina zaurgarrienentzako hobari handiagoekin
Udal gobernuaren 2027ko zerga eta tasen proposamena onartu du udalbatzak. PSE-EE pozik azaldu da, haien proposamenetako batzuk aintzat hartu direlako.
Udal gobernuak aurkeztutako 2027ko udal tasa eta zergen proposaema onartu zuen udalbatzak hilaren 13an egindako ezohiko osoko bilkuran. Onartutakoaren izenburu nagusia da datorren urterako zergen eta tasen eguneratzea egingo dela, %2,8 igoera orokorrarekin. Baina, besteak beste, errenta mailaren araberako hobariak egokitu eta horiek familia bakarreko gurasoen zein genero indarkeriaren biktimen kasuetara zabaltzea, etxebizitza krisiari aurre egiteko neurriak hartzea eta Ondasun Higiezin Berezien karga tasa igotzea ere onartu zen. %2,8ko igoera orokorrak Kontsumo Prezioen Indiziarekin (KPI) bat egiten duela azaldu du udal gobernuak. Hilaren 13ko plenoko bozketan EH Bilduko zazpi zinegotziek proposamenaren aldeko botoa eman zuten, eta oposizioko seiek (EAJren bost zinegotziek, eta PSE-EEkoak) abstentzioaren alde egin zuten.
Onartutako proposamenean bi zerga berri jaso ditu udal gobernuak: bat, Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinena (EBOH), %0,7koa izango dena. Zerga berri hori batez ere Pasaiako portuaren jarduerari begirakoa da; bestea, egonaldi turistikoen gainekoa izango da.
Hobari sistema eguneratzeko hautua ere egin du udal gobernuak, “herritarren egoera ekonomikoa eta gizarte beharrak kontuan hartuta”. Hala, eguneratze horren arabera, errenta-mailaren araberako hobari taula Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) datuen arabera eguneratuko da. Gainera, uraren, estolderiaren eta zaborren tasetan gehieneko hobaria %90etik %95era igoko da; eta familia ugarientzat indarrean dauden hobariak guraso bakarreko familietara eta genero-indarkeriaren biktimetara ere zabalduko da Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ), musika eskolan, eta kiroldegian. Energia berriztagarria sortzeagatik zeuden hobarien tramoak eguneratzea ere asmo du udal gobernuak, Kunkana Lezoko energia komunitatearekin adostuta.
Etxebizitza
Etxebizitzaren gaiari lotutako hiru neurri fiskal berri jaso ditu proposamenean udal gobernuak. Hala, babes publikoko etxebizitzak eskuratzen dituzten pertsonek OHZn errenta mailaren arabera %50eko hobaria jasotzea aurreikusi du. Bestalde, ohiko etxebizitzaren eskualdaketetan hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan %50eko hobaria aplikatu nahi da, lehen mailako ahaide edo senideen artean egiten badira eta etxebizitzan bizi badira. Hirugarrenik, etxebizitza hutsak administrazio publikoek bultzatutako alokairu programetan sartzen dituzten jabeentzako hobaria %50etik %99ra igotzea proposatu du.
PSE-EEren ekarpenak
PSE-EE pozik agertu da haien proposamenetako batzuk aintzat hartuak eta onartuak izan direlako. Sozialistek, ordea, azaldu dute euren proposamena tasak eta zergak izoztea zela, “inflazioak markatutako egoera batean eta azken urteetako zergak eta tasak nabarmen igo ondoren”. Hala ere, aurkeztu zituen 11 zuzenketetako hiru gobernu taldearekin adostu, eta onartu egin dira: “Onartu diren PSE-EEren zuzenketek zuzeneko bultzada eman diote udalerriko jarduera ekonomikoari, zehazki hurbileko merkataritzari eta udalerriaren jasangarritasunari”.
PSE-EEk onartuak izan diren hiru zuzenketen berri eman du. Honakoak dira: merkataritza establezimendu bat lehen aldiz irekitzeko tasan %75eko hobaria ematea, jarduerari ekin ahal izateko; materia organikoa konpostatzen duten pertsonei hondakinak biltzeko eta ezabatzeko tasaren %50eko hobaria ematea; eta merkataritzari hondakinen tasan hobariak aplikatzea, %50 lehen urtean, eta %25 bigarrenean.
“Desadostasunak gorabehera”, esan du Lezoko PSE-EEk, “positibotzat dugu negoziatzeko egindako ahalegina, eta uste dugu gure abstentzioak elkarrizketarako borondatea eta udalaren aurrekontu egonkortasunarekiko konpromisoa islatzen dituela, Lezoko herritar guztientzako fiskalitate bidezkoagoa eta aurrerakoiagoa lortzeko helburuari uko egin gabe”.
Egonaldi turistikoen zerga arautzen duen ordenantzaren bozketa, tasa eta zergen orokorretik aparte eztabaidatu eta bozkatu zen. Hori ezartzearen alde egin zuen PSE-EEk: “Horrela, turismo jasangarriaren aldeko apustua egiten da, eta bisitariek tokiko zerbitzu publikoen finantzaketan laguntzea sustatzen da”.
