Hezkuntza duinerako baliabide eske, Bizarainen
Ikasturte hasieratik tutorerik gabe ari da Bizarain Ikastolako HH2ko bigarren gela. Irakasle hori eskatu eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko elkarretaratzeak egiten hasi dira.
Bizaraingo Hezkuntza komunitatearen protesta.Imanol Saiz Gomez de Segura Elkarretaratzeak egiten ari da Bizarain Ikastolako hezkuntza komunitatea joan den astetik. Kezkatuta daude irakasle eta gurasoak, ikasturtea hasi zutenetik Haur Hezkuntzako 2 urteko geletako batean tutorerik ez daukatelako. Larria litzateke egoera hori edozein mailetan ere, baina are larriagoa dakusate 2 urteko haurren kasuan. Une horretan ari dira egokitzen ikastetxera eta oso-oso beharrezkoa dute tutorearen figura hori, etxekoez gain bidaide izango duten erreferentea bilakatzen delako.
Tutorearen falta, ahal duen bezala estaltzen ari da Bizarain Ikastolaren zuzendaritza taldea eta egonezina areagotzen ari da, ez baitakite zenbat denbora gehiago eman beharko duten tutore hori heldu zain akrobaziak egiten.
«2 urteko gelan berezitasun bat izaten da irailean, egokitzapen garaia da. Fase horretan familia eta ikasleak egokitzen dira. Aurten erreferenterik ez genuela aurkitu gara bigarren taldean, ahal genuen moduan partxeak jartzen hasi ginen, eta aholkularia ari da tutore funtzioak betetzen, eta hori ez da inondik inora ere egokia», azaldu du Maria Barbado Bizarain Ikastolako zuzendariak. Ez dute beste modurik aurkitu gabeziari erantzuteko.
Aholkulariak lan zehatza du, garrantzitsua haurren garapenerako, Haur Hezkuntzan ari diren ikasleak hasiera-hasieratik behatzea; Bizarain Ikastolakoak ezingo du bere eginkizun hori bete aurten, ez hasieratik bederen, tutore lanetan aritu behar duelako bigarren talde horrekin. Beste ikasleengan eragin eztabaidaezina izaten ari da HH2ko bigarren taldeko tutorearen falta: «Aholkulariaren lanen artean dago arreta goiztiarreko probak egitea; oso garrantzitsua da behaketa hori ikasturte hasieratik egitea HHko ikasle guztiekin, horietako batek arreta berezia eskatzen badu hasieratik has daitezen horretan».
Ez da ondorio bakarra, albo kalte gehiago sortzen ari da irakasle figuraren falta. «Beste taldeetako tutoreak ere ari dira HH2 gela horretan ardurak hartzen. Horrek suposatzen du norberak bere taldearentzat materiala prestatzeko duen denbora murriztea, eta hortaz, ez ematea behar duen denbora osoa egoki prestatzeko».
Eskura dituen ateak hasieratik jotzen ari da Bizarain Ikastola baliabide osoz aritu ahal izateko bere ikasleekin: «Zuzendaritzatik insistentzia izugarria izan da aterabide bat eskatzeko. Gipuzkoako Hezkuntza delegaziora deituta irtenbidea Lakuak eman behar duela, eta hura kolapsatuta dagoela erantzun digute. Hezkuntza Plangintzako arduradunarekin hitz egin dugu orain arte. Lakuarekin ezin baitugu harremanetan jarri, ez omen dute haien kontakturik». Beraiek bezala, beste ikastetxe batzuk ere baliabide faltan direla badakitela gaineratu du Barbadok, «hitzarmen berriak ezartzen dituen baliabideak kasu batzuetan, besteetan ratioak betetzeko irakasle eta aholkulariak, eta gurean tutore bat falta da 2 urteko gelan».
Berriro esan du aholkulariaren lana «gakoa» dela haurren jarraipen goiztiarra egiteko: «Aholkularia HH3, HH4 eta HH5 geletako behaketetan izatea oso-oso garrantzitsua da, baliabide bereziak behar badituzte, ahalik eta azkarren jaso ditzaten». Bizarainen HHko 96 ikasle ari dira egun; horien kalitatezko hezkuntzarako eskubidea bermatzea nahi du zentroak.
Irailaren 9tik tutorerik gabe
Matrikulazio epetik kanpo eman zuen izena ikasle batek. «Uztailean egin zuen, eta matrikula hori geldirik izan da. Bere anai-arreba bat ikastetxean ari denez ikasten, matrikula onartu eta 19 ikasle izatera pasa ginen 2 urteko gelan». Irailaren 9an deituta, Hezkuntzako plangintzako arduradunak bi aukera eman zizkiela esan du Barbadok: «Talde batean izatea 19 haurrak, edota bi talde egitea, 10ekoa bat eta 9koa bestea. Bigarren aukeraren alde egin genuen, pentsatuz tutorea astebetean izango genuela». Hilabete luze joan da eta tutorearen arrastorik ez dute.
Kezka eta egonezina, haserre ere bihurtzen ari da. Gurasoek Whatsapp taldea sortu eta gaiaren gainean laguntzeko zer egin dezaketen galdetzen hasi dira ikastetxean. Egoera ikasle guztien kalterako dela, denei eragiten diela ulertzea garrantzitsua dela nabarmendu du Barbadok. «Tutore falta, HH2 geletako batean figura hori ez izatea denei eragiten ari zaielako. Jakin badakigu batzuetan gurasoek, familiek, ikastetxeek baino indar handiagoa dutela Hezkuntza delegazioan eragiteko». Bide horretan ohartarazi du garrantzitsua dela familiak jabetzea ez dela HH2 gela bateko arazoa soilik, HHko ikasle eta gela guztiei eragiten diena baizik, «ondorioak denak ari dira jasaten, denak ari gara jasaten».
Gaiaren gainean da Bizarain Ikastolako hezkuntza komunitate osoa. «Kalitatezko hezkuntza duina emateko ezinbestekoak diren baliabideak bermatzea eskatzen ari gara, dugun hutsunea ahalik eta azkarren betetzea», Bien bitartean, mobilizazioak egiten hasi dira. Astelehen, asteazken eta ostiraletan elkarretaratzeak egiten ari dira joan den astetik Bizarain Ikastolaren Haur Hezkuntzako eraikinean. 16:10ean hasita 15 minutu ematen dituzte bertan falta den tutore hori bidaltzea eskatzeko.
Barbadok familia guztiak elkarretaratzeetan parte hartzera deitzeko deia egin du. «Ez da HH2 gelaren arazoa bakarrik, Haur Hezkuntzarena da, eta harago, Bizarain Ikastola osoarena. Bi urteko gelan gertatu da, baina beste edozeinetan ere gertatzea zuen, eta garrantzitsua da hezkuntza publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko, gure ikasleak arta egokia jasotzen dutela bermatzeko, dagozkigun baliabide denak izatea eskura».
