Karlos Ibarguren Agirre hil da
Euskal Herriko gatazka politikoaren gordinena jasandakoa izan zen, atxiloketak, espetxea, erbestea, konfinamenduak...
Karlos Ibarguren Agirre (Errenteria-Orereta 1938-Donibane Lohizune 2026) hil zen atzo. Euskal Herriko gatazka politikoaren gordinena jasandakoa izan zen, atxiloketak, espetxea, erbestea, behartutako konfinamenduak… Haren hurbilekoek bi hitzetan laburbildu dute haren izatea: “Konpromisoa eta umorea”.
Frankismoaren hondarrean Orereta sorterritik Ipar Euskal Herrira joan behar izan zuen Ibargurenek, errepresiotik ihesean, 1975ean. Han zela hainbatetan izan zen atxilotua eta ondoren Baionako presondegian espetxeratua: 1977an hainbat hilabetez, 1979an urtebete pasatxoz, eta 1983an beste hainbat hilabetez. 1975ean errefuxiatu politiko estatusa lortu zuen Ibargurenek, baina hura eskuratu eta gutxira kendu zioten garai hartan iheslari ziren askori bezala. 1984an berreskuratu zuen estatus hura.
1984ko urtarrilaren 10ean Frantziako Estatutik kanporatua izan zen, Panamara. Handik Kubara egin zuen. Irla hartan urte askoz etxetik urrun deportazioaren lazgarritasuna jasan ondoren, hainbat iheslari eta deportaturekin batera Euskal Herrira bueltatu zen Euskal Herriko Naziotasun Agiria (EHNA) eskuan, 1996an izan zen hura. Donibane Lohizunera itzuli zen bizitzera.
1997ko maiatzean, baina, Frantziako poliziak berriz ere atxilotu zuen, ETA finantzatzeko sarearekin harremana zuelakoan. Laugarrenez izan zen atxilotua, beraz. Urte hartako azarora arte Fresneseko presondegian izan zen, eta handik aterata Donibane Lohizunera itzuli zen. 1997ko abenduan, ordea, Frantziako Laon herrian konfinatzera behartu zuten Ibarguren, eta 1999ko martxoan Laonetik Tours hirira bidali zuten behartutako konfinamenduarekin jarraitzera. 2002ko maiatzean bueltatu zen Errenteria-Oreretako Madalen kalean jaiotako herritarra Donibane Lohizunera, haren kontrako erabaki eta neurri judizialak indarge zeudela iritzita. Atzo (hilak, 22, osteguna) hil zen Lapurdiko herri hartan.
