Faxismoaren zitalkeriaren berri, oinez eta plazan
Lezoko Oroimenaren Ibilbidea eta Oroimenaren Plaza aurkeztuko ditu Etxetxok larunbatean. Herrian 1936ko gerraren eta frankismoaren arrasto lazgarriaren gune iraunkor izango dira.
Oroimenaren Plaza izango dena, asteleheneko irudian. Arrasto sakon eta zitala utzi zituzten Lezon 1936ko gerrak eta frankismoak. 1936ko irailaren 13an sartu ziren indar faxistak herrian, baina egun horretatik lehenago eta ondoren ere izua, sufrimendua, errepresioa eta hildakoak izan ziren. Etxetxo Lezoko Memoria Historikoa taldeak urteak daramatza horren guztiaren dokumentazio eta ikerketa lana egiten; hainbat izan dira egin dituzten lanketak gertatu ziren horiek jendartera zabaltzeko, laztasun horren memoria gal ez dadin. Orain, egun arte egindako lan hori guztia biribiltzeko bi egitasmo landu ditu: Lezoko Oroimenaren Ibilbidea, eta Oroimenaren Plaza. Bihar (hilak 24, larunbata) aurkeztuko ditu Etxetxok.
Lezon badira memoria historikoaren ikur diren guneak jada. Baina daudenekin, eta sortutako berriekin osatu dute Lezoko Oroimenaren Ibilbidea. Hamar geldialdiko paseoa da, ordu eta laurdenean egin daitekeena. Gurutze Santuaren plazan, udaletxearen parean dago abiapuntuko panel orokorra. Hamar guneetan, horietan gertatutakoen edo garai ilun haietako gertakarien informazio orokorra irakur daiteke laburrean, baina bakoitzean QR kodea dago eta hura erabilita askoz informazio gehiago lor daiteke.
«Lezoko memoria historikoaren gaineko lanketa asko egin ditugu, eta ibilbidea izan daiteke modu bat sortu dugun guztia laburbiltzeko, eta faxisten errepresioaren nondik norakoen berri era orokorrean izateko. Askok badakigu zer gertatu zen herrian; belaunaldi gazteenek, baina, agian ez. Gazte horiengana eta herritarrengana oro har informazio zehatz eta objektiboa iritsarazteko modua izan daiteke ibilbidea», esan dute Etxetxotik.
Larunbatean, lehenik, Lezoko Oroimenaren Ibilbidea aurkeztuko dute, 10:30ean udaletxearen paretik hasita. Han baitago lehen gunea, mapa orokor eta guzti; 1936ko irailaren 13an kargutik kendu zuten Lezoko udalbatzaren gaineko informazioa ere ageri da han. Hurrengo bi puntuak Donibane kalean daude: batean faxisten hegazkinek Lezoko Zentro Errepublikanoaren kontrako bonbardaketaren eta hil ziren hiru lezoarren berri ematen da; bestean, Espainiako eta Frantziako kontzentrazio esparruetan izan ziren lezoarren gaineko informazioa ageri da.
Lezo Herri Eskolaren ondoan da laugarren gunea, herriko maisu maistren «depurazioa» azaltzeko informazioarekin; ondoren, bosgarren puntuan, Etxetxoko familia izango dute gogoan: «Bere garaian haiek omentzeko monolitoa jarri genuen, baina ez nahi genuen tokian. Orain, baserria zegoen tokiaren ondoan jarriko dugu ibilbidearen barruko bosgarren oroigarria». Aurrerago, jada Gaintxurizketako bidean, han eta Jaizkibelen eskualdeko erresistentziak indar faxistei nola egin zion aurre azaltzeko panela izango da ikusgai (ibilbideko seigarren gunea da): bost hildako izan ziren borrokaldi haietan.
Mendialdetik, herrigunera egingo du jauzi ondoren ibilbideak. «Ijurkon dago zazpigarren eremua, hango igogailuaren ondoan. Frankismoaren esklaboen gainekoa da, eta han, Iparragirreko barrakoietara eta Sotxoko zuloen eremura joateko informazioa izango da. Ibilbidea haraino joango balitz, luzeegia litzateke. Beraz, hara iristen direnek aukera dute landu dugun ibilbidetik atera, eta Iparragirrre aldera joateko», zehaztu dute Etxetxotik. Andreonen erbesteratuei egingo zaie aitortza, portu ondoko eremua izanik, inguru hartatik barkuan errepresiotik ihes egin zutelako lezoar askok.
Andreonetik Kale Nagusirako bidea hartuko du ibilbideak bederatzigarren eremura iristeko. Indar faxistek herria bere egin zutenean, ospakizunean-edo tiroka hasi ziren; haien bala batek Jose Maria Larreta Itxaurrandieta 8 urteko haurra hil zuen. Ibilbideko azken zonaldea Pikukalen dago, hango plazatxoan: larunbatetik, Oroimenaren Plaza izango da.
Oroimenaren Plaza
Etxetxok azaldu du haientzat inportantea dela agirietan, txostenetan, landutako informazioetan dagoen hori guztia ikusgarri egitea. Kalean espazio fisikoa izatea, betirako eta egunerokoan ikusgarri izan dadin. Asmo horrekin planteatu zion Lezoko Udalari egun izenik ez duen plaza horri Oroimenaren Plaza izena jartzea: udalbatzak hala onartuta, hala izango da bihartik aurrera. Bertan, Lezon 1936ko gerran eta frankismoan 53 hildakoen marmolezko panel edo horma-irudi handia desestaliko du Etxetxok (ondoko koadroan daude hildako horien izen-abizenak). «Bertan 53 izen-abizen daude oraingoz. Baina Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera ikerketa eta dokumentazio lanean ari gara. Beraz, horiek baino gehiago izan daitezke hildakoak», jakinarazi du Etxetxok. Plaka horretan Jon Etxebeste lezoarrak egindako bertsoa izango da.
12:30ean izango da plazaren eta horma-irudiaren aurkezpena. Musika, dantza, hitz tarteak eta bestelakoak ez dira faltako. «Gainera», esan du Etxetxok, «Kataluniatik edo Getafetik (Madril, Espainia) hemen hil ziren esklaboen senideak etorriko dira. Getafeko Udaleko Memoria Historiko zinegotzia ere hemen izango da. Lezoar errepresaliatuen senideei ere gonbita egin diegu bertan izan daitezen».
Bai ibilbideak zein plazak ez dituzte faxismoak eragindako zauriak erabat itxiko. Baina aitortzarako, erreparaziorako, eta justizia eskaerarako bidearen espazio izango dira. Era iraunkorrean jakinaraziko dute Lezon zer gertatu zen, garden eta gordin.
