"Udal agintariek ez dute jokabide aldaketarik izan"
Euren lan baldintzen kaskartzea salatzeko hirugarren elkarretaratzea egin dute gaur Lezoko Udaleko langileek.
Udal langileak, gaur, elkarretaratzean.Lezo Udaleko langileek bidalia. Lezoko Udaleko langileek euren lan baldintzak aldarrikatzeko mobilizazioekin jarraitzen dute. Gaur (ostirala) beste elkarretaratze bat egin dute udaletxearen parean. “Udal agintariek ez duten jokabide aldaketarik izan”, esan dute. Izan ere ekainaren 19an egin zuten euren aldarriak ezagutarazteko eta udal gobernu taldea presionatzeko lehen elkarretaratzea, eta hilaren 2an bigarrena. Hirugarrena izan da gaurkoa; hurrena azaroaren 13rako deitu dute. Lehen mobilizazio hartatik gaurkora, beraz, euren egoera konpontze aldera aurrera urratsik ez dela egin ziurtatu dute udal langileek.
Kexu dira 2026ko soldata izoztu dielako gobernu taldeak, udala egoera ekonomiko latzean dagoela argudiatura. Beharginek azaldu dute Lezoko Udalaren 2025eko ekitaldiaren emaitza ekonomikoan bi milioi euroko soberakina izan zela, eta hori horrela, izozteak ezin direla justifikatu: “2026. urtea aurrera doa eta, nahiz oraindik ez dakigun zenbatekoa izango den, ekitaldi honetan ere soberakina izango da”.
Gainera, udal gobernua legea urratzen ari dela uste dute udal langileek, Espainiako Gobernuak langileentzako aurreikusitako derrigorrezko soldata igoera ez delako aplikatuko.
