Pasaiako euskaltzale aktiboak bildu ditu Bokaleren IV. topaketak
Aurtengo sarituak Kontxita Beitia eta Urko Etxebeste izan dira, euskara zabaldu eta biziberritzeko egin duten lanagatik.
Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak, Bokalek, Pasaiako eragile eta herritarren laugarren topaketa egin zuen atzo San Pedroko Udal Aretoan. Topaketaren helburua zen Pasaiako eragile euskaltzaleak elkartzea, elkarrengandik ikastea eta elkarrekin indar handiagoz aurrera egitea, herrian euskararen biziberritzean egiten den lana aitortzeko eta lan horri balioa emateko.
Atzoko topaketan hainbat arlotako euskaltzaleak bildu ziren: aisia, kultura eta kirol elkarteetako ordezkariak, euskaltegietako irakasle nahiz ikasleak, ikastetxeetako irakasle eta gurasoak, Pasaiako enpresetako ordezkariak, merkatariak, gazte taldeak, udaleko ordezkariak eta herritar euskaltzaleak. Orotara, 50 euskaltzale inguru elkartu ziren San Pedron.
Nerea Zangitu eta Antton Cuadrado izan ziren topaketaren aurkezleak, eta Euskal Konfederazioak deituta azaroaren 21ean Baionan egingo den manifestaziorako deia egin zuten, euskara ofiziala ez den eremuetan oraindik ere egoera larriagoa pairatzen baitu euskarak. Ondoren, azken urteetan Bokaleren barruan sortutako elkarguneek egindako lana errepasatu zuten, bideo bat proiektatuz.
Sustatzaileek hizkuntza eskubideak babesteko beharrean eta eskubide horiek errealitate bihurtzeko herritarren aktibazioaren garrantzian jarri zuten arreta. Gai horien gainean hitz egiteko, Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia izan zen San Pedron. Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten gizarte erakundeen bilgune nagusia da. Jatorri eta ibilbide anitzeko bazkideek osatzen dute kontseilu hori, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza politiketan eragitea da bere helburua.
Sari banaketa
Aurkezpenen ondoren, sari banaketa ekitaldia egin zen, Pasaiako herritarren aktibazioa eskertzeko eta euskarari indarra emateko bidean ibilbide bat egina duten egitasmoei eta herritarrei aitortza egiteko. Aurten bi sari eman dira. Lehenik, ikastolen mugimenduko aitzindarietako bat izan den Kontxita Beitia omendu zuten. Txikitatik izan da euskaltzaletasunari lotuta. Besteak beste, 1948an, Frankismo betean, bere eta bere lagun baten jaunartzean bi kantu euskaraz egitea lortu zuten haien familiek, La Anunciatako mojen laguntzarekin. Gerora, Beitiak ikastola zabaldu zuen Antxoko bere etxean. La Anunciatan ere euskara klaseak ematen hasi zen, eta oso gustura aritu zen bertan.
Bigarren saria euskarazko komunikabideetan gaztetatik aritu den Urko Etxebesterentzat izan zen. Antxotarra da, eta aspalditik dabil euskara biziberritzeko hainbat egitasmotan murgilduta. 1998an Branka aldizkarian hasi zen lanean. 2003an Oarsoaldeko Hitza sortu zen (orain Oarso Bidasoko Hitza), eta, egun, hedabidearen zuzendaria da. Kazetari izateaz gain, beste hainbat saltsatan ere badabil, beti euskararen bueltan.
Omenduek Mari Luz Etxanizek egindako irudiak jaso zituzten, Andoni Rekondoren bertsoak atzean zituztela. Sariak Pasaiako gazte taldeetako ordezkariengandik jaso zituzten, iaz haiek izan baitziren omenduak. Beitiak eta Etxebestek hunkituta hartu zuten hitza, eta euskararekin izan duten harremana noiz eta nola sortu zen azaldu zuten.
Topaketaren azken zatian iazko abenduan egin zen Pizkundea izeneko ekitaldiari lotuta, Pizgailua irakurketa dramatizatua egin zuten Amaia Irazabalek eta Oier Guillanek.
Ekitaldiaren bukaeran, sustatzaileek euskararen erabileran eragiten jarraitzera animatu zituzten bertaratutakoak. Talde argazkia ere atera zuten, eta mokadutxo batekin itxi zen laugarren topaketa.
