Egun luzea dute gaztetxeko kideek gaur
Zabala Enea II Gaztetxeak bere urteurrenaren eguna ospatuko du gaur. 26 urte betetzen ditu, eta egun osoko programazioa dute aurretik.
Egun handian daude gaur murgilduta Zabala Enea II Gaztetxeko kideak. Urteurrena dute, eta festa giroa sumatzen da gaztetxearen inguruetan. 26 urte bete ditu aurten Gaztaño auzoko gaztetxeak, Ibon Zabalaren izena daramanak. Gaur dute urteurrenaren egun handia, eta programazioa bete egin dute.
Goizean, bitxigintza tailerra izan dute. Bitxiak sortzen aritu dira gazteak, baina ongi lagunduak, marianito dastaketa ere bertan zuten eta. Tokarekin ere ibili dira, eta ondoren, gaueko parranda ongi bideratzeko, makarroiak jan dituzte, beste zizka-mizka batzuekin. 30 lagun inguru bildu dira gaztetxe kanpoaldean.
Baina eguna ez da amaitu, eta oraindik badute zer egin. Bingoa izan dute bazkalostean, eta hortik aurrera, musika. 18:00etatik aurrera Gauerdi txarangak girotuko ditu gazteak, eta ondoren, emanaldi akustikoa izango dute Malenen eta Uxueren eskutik. Gauean, ohikoa den bezala, kontzertuak gaztetxean. Suteka, Xaukena Xauk eta Ttarraka erromeria izango dira oholtzan.
Hona hemen gaur Ostiko Kultur Taldeak ateratako argazkiak:
