Ekialdebusen aldaketen aurrean kexu agertu dira pasaitarrak
Elkarretaratzeak egin zituzten atzo San Pedroko eta Trintxerpeko bizilagunek.
Ekialdebuseko aldaketak salatu dituzte pasaitarrek. Aste honetan iragarri zuten elkarretaratzeak egingo zituztela, San Pedron eta Trintxerpen. Bertan izan ziren atzo hamarnaka pertsona, autobusek jasandako murrizketak salatzeko xedearekin.
Pasaitarrak ez dira bakarrak zerbitzuen aurrean kexu agertzen. Bidasoan ere, hainbat elkarte, auzo elkarte eta alderdi politiko aldaketen aurka agertu dira, eta aste honetan bertan Azahara Dominguez Mugikortasun sailburuak iragarri du herritarrei kasu eginez murrizketak kendu eta autobus zerbitzuak bere lehengo egoerara itzuliko dituztela. Beraz, pasaitarrek badituzte aurrekariak, lortu daitekeela baieztatzen dutenak.
Herritarrek salatu dute E07 linean (urriaren 1etik OR09 izena du) 07:10 eta 08:45 artean ez dela autobusik aldaketen ondoren. E09 linean (haren izena orain OR05 da), berriz, 15 minutueroko maiztasuna galdu egin dela esan dute, eta gainera, ordutegi tartearen arabera maiztasun hori aldatu egiten dela. E79 gaueko linean (orain OR45G da), gainera, maiztasuna ordubeterokoa izatera aldatu dela adierazi dute.
Hona hemen atzo San Pedron egindako elkarretaratzearen argazki batzuk.

