Ilunetan ilunena izango da
Hilaren 31 ilunabarrerako festa antolatu dute Orereta Ikastolak eta herriko hainbat eragilek.
Beldurra dantzan jarriko du Errenteria-Oreretako Gau Beltzak hilaren 31n, Domu Santu Egun bezperan. Aurten ere, ekitaldi berezia antolatu dute Orereta Ikastolak eta herriko hamaika eragilek. Elkarlan horretan, Koldo Mitxelena herri ikastetxea, Koldokide guraso elkartea, Lau HAizetara euskaltzaleon topagunea, Amulleta danbor kofradia, Herri Arte Eskola, Urdaburu Mendizale elkartea, Xenpelar AEK Euskaltegia, eta Gaztañoko Auzo Elkartea.
19:00etan hasiko dute Gau Beltza Kalabazaren Bidearekin, Santa Klara kaletik abiatuta. Herriko hainbat kale zeharkatuko ditu beldurraren segizio horrek, eta ordubete geroago Agirre Lehendakariaren plazan bukatuko dute sorpresaz betetako bidea.
Kalabazaren gurdiak, Kuianderek, trikimako gaineko orekariek, dantzan zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean, mozorrotuta egingo dute uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko Kalabazaren Bidea. Emanaldia bukatuta suzko zezenaren jirabirekin, Beldurren Eltzean izuak errez eta gaztainak janez bukatuko dute festa.
Parte hartzera deitu dituzte herritarrak, bai Gau Beltzan parte hartuz, bai kale bazterretan emanaldiarekin gozatuz. Parte hartzen animatzen direnei, hainbat jarraibide eman dizkiete antolatzaileek. Hala, Kalabazaren Bidea egitera animatzen direnei, ahal izatera etxeko trapu edo arriopa zaharrekin mozorrotuta joateko eskatu diete. Parte hartzeko beste modu bat, beldurrak paper batean idatzi eta festaren bukaeran Agirre Lehendakariaren plazan izango den Izuen Eltzean erretzea horiek. Etxea eta ingurua apaintzea da beste bide bat parte hartzeko, baita kalabaza pastela egitea ere; 18:15etik 19:00etara jasoko dituzte horiek. Zatituak eramateko eskatu dute, jai bukaeran banatuko eta jango baitituzte Agirre Lehendakariaren plazan.
Bukatzeko, ingurukoak festan parte hartzera animatzea da beste modu bat jaiarekin bat egiteko, “herriarentzako festa izan nahi du Gau Beltzak; hori horrela, nahi duen herritar oro dago bertan parte hartzera gonbidatua”.
