'Love for free' performance tailerra, Dantzagunean
Acts Of Liberation konpainiak performancea eta kale antzerkia lantzeko tailer irekia eskainiko du.
Love for free performance eta kale antzerkia lantzeko tailer irekia eskainiko du Acts Of Liberation konpainiak hilaren 29an, osteguna, Dantzagunean, 18:00etan hasita. Inguruko pertsonekin konektatzeko eta beldurrak zein blokeatzen dituzten oztopoak gainditzeko sormen bideak esploratuko dituzte saio horretan parte hartzen dutenek.
Tailerra performancean interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dago, ez da beharrezkoa aurretiaz arte eszenikoetan esperientzia izatea, eta adin ezberdinetako pertsonek parte har dezakete. Proposamenaren abiapuntua, maitasuna eta afektua adierazpen artistiko eta eraldatzaile gisa lantzea izango da.
Tailerraren ostean, hilaren 30ean —ostirala— 19:00etan konpainiak ACt N 3: Love ikuskizuna emango du Xabier Olaskoaga plazan. Harremanak, begirada, eta hurbiltasuna berreskuratzea proposatzen du lanak, deskonexio emozionalak eta indibidualismoak markatutako gizartean.
Herritarrak tailerrean parte hartzera zein konpainiaren proposamen artistikoa ezagutzera deitu dituzte.
