Miren Murua, Pasaiako EH Bilduren alkategaia
Koalizioko mahai politikoak sanpedrotarra aukeratu du maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategaia hautatzeko prozesuaren barruan.
2027ko maiatzaren 23an egingo diren udal hauteskundeetarako alkategaia aukeratzeko prozesuan, Pasaiako EH Bilduren mahai politikoak Miren Murua Arrizabalaga sanpedrotarra proposatu die militanteei. Koalizioak urtarrilean hasiko den prozesuan aukeratuko du bere alkategaia.
EH Bilduren mahai politikoak Murua aukeratu du uste duelako hura dela proiektua gidatzeko pertsona egokiena, orain arte osatu duen ibilbideagatik.
Murua sanpedrotarra da, eta urteak daramatza herrigintzan “Pasaia hobe baten alde lanean”. Egun zinegotzia da eta barrutiko herri mugimenduan dabil. EH Bilduren arabera, herri mailako iniziatiba txikietan aritzeaz gain, aldarrikapen nagusietako mobilizazioetan ere ibilitakoa da. “Lanerako prestutasunaren adibidea da 2025ean zinegotzi akta hartu izana eta egungo gobernukide bilakatzea, San Pedroko alkateorde ardura ere hartuta”.
Koalizioaren esanetan, Muruak “oso ongi” ezagutzen du herria eta ondo konektatzen du bertako eragileekin. “Eta hori ezinbestekoa da EH Bilduren proiektua gauzatzeko. Halaber, herritarren behar eta kezkei hobekien erantzuteko proiektua EH Bildurena da, azkeneko urteetako hauteskunde eta inkestetan gipuzkoarren gehiengoak adierazten duen gisan. Eta urteotan erakutsi duen konpromisoagatik proiektu hori Pasaian gidatzeko pertsona egokia da Murua, mahai politikoaren iritziz”.
Pasaiako EH Bilduren mahai politikoak proposamena batzar batean aurreratu zion militantziari. Proposamena, baina, urtarrilean egingo da ofizial, zerrendaburua aukeratzeko abiaraziko den barne prozesuan.
