San Pedron gau iluna espero da
Hilaren 31n Gau Beltzaren ospakizunarekin bat egingo dute berriz ere sanpedrotarrek. Arratsalde eta ilunabar beldurgarriak iragarri dituzte.
Iazko San Pedroko Gau Beltzarena da irudia. San Pedroko Jai Batzordeak, Pasaiako Udalarekin elkarlanean, Gau Beltzaren ospakizunak antolatu ditu hilaren 31rako (larunbaterako). Aurretik egin dituzte jarduerak barruti morean, eta larunbatekoa bertan errotzen ari den jardueraren azken traka beldurgarria izango da.
Arratsaldean hasiko dira Dimu Santu Egunaren bezperako ekitaldiak. Hala, 16:30ean eta frontoian, mozorroak prestatzeko geldituko dira hala nahi duten guztiak; etxetik oihal zahar eta soinu tresnak eramateko eskatu dute.
17:30ean, Xanduli Manduli altxorraren bila izaerako jolasarekin gozatu ahal izango dute haurrek, eta segidan (18:30ean) Aleka Antzerki Taldearen ikuskizuna izango da plazan. Ondoren Ertitik hilerrirako ibilbidea egingo dute izuaren zaleek, eta handik bueltan gaztaina jana izango da plazan, baita Lamiak Dantza Taldearen eta barrutiko sorginen dantzaldia ere.
20:30ean, plazatik, 10 urtetik gorakoentzako Ibilbide Beldurgarria egingo dute.
Kartela
San Pedroko Jai Batzordeak Gau Beltzaren kartela aukeratzeko prozesua egin du aurreko egunetan. Hala, horiek egiteko deialdia egin, eta 22 aurkeztu direla jakinarazi du herritarrez osatutako topaguneak. Atzo (igandea) jarri zituzten ikusgai frontoian kartel horiek haur eta helduek, eta egile guztien artean zozketa egin ostean, horren irabazle 9 urteko Simon Gomez Muñizek egindakoa izan zen. Beraz, harena da San Pedroko 2026ko Gau Beltzaren kartel ofiziala.
