Santa Klara kaleko 10, 12 eta 14 zenbakietako hirigintza antolamenduari, argi berdea
Errenteriako Udalak hasierako onespena eman dio eremu horretako hirigintza berrantolaketa ahalbidetuko duen Xehetasun azterlanari.
Snta Klara kalea. argazkia: Herri Bizia Santa Klara kaleko 10, 12, eta 14 zenbakietako hirigintza berrantolaketa ahalbidetuko duen Xehetasun Azterlanari hasierako onespena eman dio Errenteriako Udalak. Onespen hori beharrezko urratsa da ingurune hori berritzeko prozesuan. Onartutako dokumentuak bertarako aurreikusitako 30 etxebizitzako eraikina nolakoa izango den zehazten du: bi soto solairu, beheko solairua—merkataritza lokalak jartzeko aukerarekin—, lau solairu eta atzera emandako atiko bat izango dituela azaldu du udalak.
Gaur egun dauden eraikinak ordeztea aurreikusi du Xehetasun Azterlanak, “eta espazio publikoarekiko lotura berrantolatzea”. Horrekin batera, plazarako oinezkoentzako sarbideak osatu eta etorkizuneko garajeetarako ibilgailuen sarbidea ahalbidetuko da”.
Hasierako onespena emanda 20 egun baliodunez izango da jendaurrean Xehetasun Azterlana aste honetatik aurrera. Dokumentazioa kontsultatu eta egoki iritzitako alegazioak egin daitezke, hortaz. Epea bukatuta eta alegazioak aztertuta, udalak dokumentuari behin betiko onespena ematea aztertu ahal izango du.
