Gabierrota, elkartasunerako epizentro enegarrenez
Aita Mari itsas salbamendu humanitariorako ontziaren alde egitaraua ondu du Gabierrotako auzo elkarteak aurten ere, Behobia-Donostia lasterketak pilatzen duen jende mordoa baliatuta.
Nokonok kontzertua egingo du Gabierrotan. Elkartasuna dute helburu, eta hutsik egin gabe aurten ere errepide ertzera irtengo dira diru bilketa egiteko olan erraldoiarekin, jateko eta edatekoak eskainiko dituen txosna solidarioarekin, eta azaroaren 7 eta 8ko astebururako ondu duten egitarauarekin. Bildutako gutzi-gutzia, Aita Mari Itsas Salbamendu Humanitariorako ontziarentzat izango da.
Antolatutakoen artean, musikari tartea egin diote. Behobia-Donostia lasterketa auzo aurretik pasako den egunean izango da hori, azaroaren 8an, 11:00etan Gabierrotako gasolindegian. Asier Mendizabal Nokonok kontzertua eskainiko du, eta haren ondotik, rock melodikoa egiten duen Donostiako Lagumen taldeak girotuko du goiza. Horiek bukatuta, euskal parrila izango da.
