Mapa morea eta puntu ilunak identifikatzea xede
Pasaiako Udalak Mapa morea eta puntu ilunak izeneko prozesua abiatu du. Helburua da herritarren bizipenetatik abiatuz, espazio publikoa ikuspegi feministatik aztertzea.
Pasaiako Udalak Mapa morea eta puntu ilunak izeneko prozesua abiatu du, Pasaia ikuspegi feministatik aztertzeko eta espazio publikoak herritar guztientzat bidezkoagoak, seguruagoak eta bizigarriagoak izan daitezen proposamenak lantzeko.
Gaur eman dituzte prozesuaren xehetasunak Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotziak, Julen Rodriguez Podemoseko gobernukideak eta Nerea Mecerreyes EAJ udal taldearen ordezkariak, alderdi politiko horiekin adostu baitzuen udal gobernuak 2026ko aurrekontuen negoziaketan proiektua martxan jartzeko partida osatzea. Egitasmoaren gaineko azalpen teknikoak Pojecta Urbes enpresako Miren Vivesek eman ditu.
Aipatutako proiektuak elkar osatzen duten bi kontzeptu jasotzen dituela adierazi dute udal ordezkariek. Alde batetik, puntu ilunen diagnostikoak autonomia mugatzen duten espazioak eta egoerak identifikatuko ditu: esaterako, beldurra edo segurtasun eza eragiten duten lekuak, arrisku eta istripuekiko babesik ez duten eremuak, irisgarritasun arazoak dituzten guneak eta mugikortasuna edo eguneroko denboraren kudeaketa zailtzen dutenak.
Bestalde, mapa morearena kontzeptu zabalagoa dela baietsi dute sustatzaileek. Mapa moreak Pasaia ikuspegi feministatik irakurtzeko aukera emango duela zehaztu dute arduradunek, emakumeen memoria historikoa gordetzen duten espazio esanguratsuak, zaintza eta bizitza erreproduktiboa errazten dituzten eremuak eta bizitza komunitarioa sustatzen duten guneak identifikatuz, adibidez. Lan hori bigarren fase batean gauzatuko dela aurreratu dute.
Bi begiradak, puntu ilunak eta mapa morea, osagarriak direla nabarmendu dute: “Batetik, autonomia mugatzen duten oztopoak aztertzea; eta bestetik, emakumeen eta historikoki zapalduak izan diren kolektiboen bizitza erdigunean jartzen duten espazioak aitortu eta sustatzea”.
Aurrekariak
Gaur aurkeztu duten proiektuak aurrekari bat du Pasaian, 2015ean egindako Oarsoadeko Puntu Ilunen Diagnostiko parte hartzailean herriko 16 puntu identifikatu baitziren. Prozesu berriak aurretik egindako lana eguneratuko duela aurreratu dute ordezkariek, azterketa zabalago batean kokatzeko.
“Izan ere, espazio publikoaren erabilera ez da berdina pertsona guztientzat. Kaleen diseinuak, argiztapenak, irisgarritasunak, garraio aukerak edo zaintza lanak egiteko baldintzek eragina dute pertsonen egunerokoan eta herrian modu autonomoan mugitzeko aukeretan. Horregatik, diagnostikoak ez du segurtasunaren ikuspegia soilik landuko, lau arlo nagusi aztertuko ditu: eraso eta mehatxuekiko segurtasuna; arrisku eta istripuekiko babesa; irisgarritasun unibertsala; eta mugikortasuna eta denbora”, adierazi dute sustatzaileek.
Pasaia, herri feminista
Honakoa adierazi du Aintzane Taberna Gizarte Ekintzako zinegotziak gaur aurkeztu duten proiektuaren gainean: “Espazio publikoa ez da neutroa: kaleak eta plazak diseinatzeko, antolatzeko eta erabiltzeko moduak eragina du pertsonen eguneroko bizitzan, mugitzeko askatasunean eta autonomia mailan. Ikuspegi feminista txertatzea herria nola eraikitzen eta antolatzen dugun berrikustea da, pertsona guztien beharrak kontuan hartuz”.
Eta jarraitu du: “Askotan, segurtasunaz hitz egitean, erasoen beldurra edo argiztapen falta datozkigu burura. Baina ikuspegi feministak harago begiratzera gonbidatzen gaitu: nork erabiltzen ditu espazioak? Non eta nork zaintzen du? Zer oztopok baldintzatzen dute gure mugikortasuna? Eta nork sentitzen du herria berea dela?”.
Ildo horretatik, puntu ilunak identifikatzea beharrezkoa dela baietsi du Tabernak, baina ez nahikoa: “Herri bizigarriagoa eraikitzeko, oztopoak ez ezik, emakumeen memoria, zaintza eta bizitza komunitarioa erdigunean jartzen dituzten espazioak ere aitortu eta sustatu behar ditugu. Horregatik, mapa morea eta puntu ilunen diagnostikoa elkar osatzen duten bi begirada dira”.
Herritarren bizipenak oinarri
Ordezkariek jakinarazi dute prozesuaren funtsezko zatia herritarren parte hartzea izango dela. Bide horretan, argitu dute ez dela beharrezkoa hirigintzan aditua izatea, baizik eta Pasaian bizitzea, lan egitea, ikastea edo bertako kaleak erabiltzea.
Programaren lehen fasean hiru saio egingo dituzte. Guztietan haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da beharra duenarentzat. Zerbitzu hori baliatzeko, Berdintasun sailaren helbide elektronikora bidali behar da mezua.
- Lehen saioa: Jabetze Eskolarekin eta Berdintasun Mahaiarekin. Azaroaren 4an, Antxoko Kultur Etxeko beheko solairuan, 19:00etan.
- Bigarren saioa: Saio irekia herritarrekin. Azaroaren 12an, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 18:30ean.
- Hirugarren saioa: Saio bateratua emaitzak lantzeko. Abenduaren 1ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 18:30ean.
Prozesuan emakumeen esperientziei arreta berezia eskainiko zaiela aurreratu dute ordezkariek, eta adin, jatorri, gaitasun eta bizi baldintza ezberdinetako pertsonen begiradak jasotzea bilatuko da. Sustatzaileen helburua da egunerokoan hautematen diren arazoak, beharrak eta hobekuntza aukerak ezagutzea, errealitate eta bizipen askotarikoak kontuan hartuta.
Aurrez aurreko saioez gain, udalak galdetegi digital bat jarri du herritarren eskura. Ekarpenak azaroaren 20ra arte egin daitezke.
