Perretxiko eta onddoen bilketa gaineko ikerketa hasiko du Aranzadik Añarben
Ikerketa horren harira perretxiko eta onddo bilketan aritzen diren pertsonei zuzendutako online inkesta zabaldu du.
Añarben perretxiko eta onddo bilketaren gaineko ikerketa abiatuko du Aranzadi Zientzia Elkarteak Errenteriako Udalarekin lankidetzan. Ikerketa horren harira perretxiko eta onddo bilketan aritzen diren pertsonei zuzendutako online inkesta zabaldu du. Anonimoa da hori eta bilatzaileek nahiz Añarbera joaten diren bisitariek bete dezakete. (Klik hemen).
Ikerketaren bidez Añarbeko baso eremu zehatz batzuetan egiten den bilketaren intentsitateak perretxiko eta onddoetan edo bertako habitatean eraginik ba ote duen jakin nahi du Aranzadik. Horretarako hainbat baso lur sail markatu ditu, basoetako espezie mikologiko jangarri jakin batzuk biltzeak izan ditzakeen ondorioen jarraipena egin ahal izateko. Bilketa hori egiten den lursailen aurretiko eta ondorengo egoera bilketa egiten ez den beste lurzati batzuekin alderatuko da denbora batez.
Añarbeko Eboluzio Naturaleko Eremua bere kudeaketa bereziagatik, interes handiko eremua da onddo kritikoen eta mehatxatuen espezieen zerrenda gorrietan dauden zenbait espezie kontserbatzeko.
