Feminismo-kartelismo erakusketa Nati Rufo funts dokumentalaren eskutik
Feminismo-Kartelismo erakusketa. Bidaia bat errenteriako feminismoaren barrena erakusketa antolatu du udalak Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez.
Nati Rufo hilabete honetan bertan egindako agerraldi batean. Feminismo-Kartelismo erakusketa. Bidaia bat errenteriako feminismoaren barrena erakusketa antolatu du udalak Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez. Erakusketa horren oinarrian, Nati Rufo funts dokumentalaren edukiaren parte bat, kartelen erakusgarri bat, zehazki.
Kartel feministak funtsezko tresnatzat jo ditu udalak adierazpen bisual eta politikorako, “diseinu grafikoa erabiliz eskubideak aldarrikatu eta berdintasunak salatzeko”. Erakusketa hori, Errenteriako udal artxiboan dauden 643 kartelen lagina da. Nati Rufo funtsa baina, ez dira soilik kartelak, funtsa hori osatzen duten 50 metro linealetan era askotako dokumentuak gordetzen direla azaldu du udalak, “1977tik Errenterian mugimendu feministak izan duen historiaren parte bat islatzen dutenak”. Bileren aktak, hitzaldietarako apunteak, ponentzia eta eztabaidak, triptikoak eta pegatinak dira funts horretan, eta abortatzeko eskubidearen aldeko kanpainetatik hasita, sexu askatasunaren aldeko borroka, Euskal Herriko lesbiana feministen kolektiboa osatzea, Lilatoiaren sorrera, feminismo internazionalista, eta antimilitarismoa azaltzen dira, besteak beste funts horretan.
Errenteriako Udalari egindako dohaintzari esker, Nati Rufo funtsa herritarren eskura izango da udal artxiboan. Iniziatibaren bidez ezinbestekoak diren lehen mailako iturri “baliotsu” horiek ezagutarazi eta zabaldu egin nahi ditu udalak”.
Erakusketa bi astez izango da zabalik, azaroaren 2tik —astelehena— 14ra bitartean, eta astelehenetik larunbatera ahal izango da 17:00etatik 20:00etara Xenpelar Etxean. Sarrera doakoa da. Inaugurazio formala azaroaren 3an —asteartea—izango da, 18:30ean eta Nati Rufo bera izango da bertan.
