Lezoaundi berrantolatzen hasi dira
Eremu horretan den jolas eremua berritzeko lanak hasi ditu Lezoko Udalak. Besteak beste, eskalada eremua ere jarriko dute.
Langileak, Lezoaundin jada eragiten.Lezoko Udala Lezoaundi zuhaiztiko jolas eremua berrantolatzeko, eta gure berriak sortzeko lanei ekin die Lezoko Udalak. Obrak sei astez luzatuko dira, eta egin beharrekoak 48.338 euroko aurrekontuarekin gauzatuko dira. Han egun dena hobetu, eta eremu gehiago ere jarriko dituzte. “Lanen helburua espazioa berrantolatzea eta haurrei jolasteko eta naturarekin harremanetan egoteko aukera berriak eskaintzea da”, zehaztu du udalak.
Lezoaundiko operazioa esku-hartze zabalago baten barruan ulertu behar dela adierazi du udalak, Lezoko parke sarea eraberritzeko prozesuaren barruan alegia. “Prozesu honen helburua da aisialdirako eta jolaserako espazio inklusiboagoak eta askotarikoagoak sortzea, ume eta gazteen ongizatea bermatzea, eta belaunaldi ezberdinetako herritarren arteko harremanak saretzeko espazio sozialak eraikitzea”, udalak.
Obrekin eremuko lurzorua eta jolas elementuak egokituko dituzte. Gaur egungo zoladura prestatu, belar guneak egokitu, eta azalera berriak jarriko dituzte, besteak beste. “Gainera”, erantsi du udalak, “atseden hartzeko zein jolaserako aukerak zabalduko ditu proiektuak. Besteak beste, tirolina eta azpian duen zorua egokituko dira, erliebe ludikoekin gune berriak sortu, eta eremuko horman eskalatzeko boulderra jarriko da. Gainera, belardia egokitu eta atsedenerako egurrezko egiturak sortuko dituzte, baita egurrezko tarima bat ere”.
