Ordenantza fiskalak onartu ditu plenoak
Onartutako ordenantza fiskalen arabera, hainbat zerga eta tasa izoztuta gelditu dira, Ondare Higiezinen Zerga, beteak beste. Hobarien esparruan, berritasunak daude.
Errenteriako udaletxea. Errenteriako Udalak asteartean egindako udalbatzan onartu zituen 2027ko ordenantza fiskalak. Hainbat zerga izoztuta geldituko dira: Ondare Higiezinen Zerga; ura eta hondakinak; Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zerga; Eraikuntza, instalazio eta Obren gaineko Zerga; Gazteentzako etxebizitzen, etxebizitza tutelatuen, aldi baterako alojamenduen, eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren tasa, kasu.
Beste hainbatetan, berriz, %2,4ko igoera egingo du udalak, “iraileko urte arteko %4,9ko KPItik oso urrun”.
Hobarien esparruan berritasunak daude, bestalde. Hala, Ondare Higiezinen Zerga izozteaz gain, hobariak izango dituzten kolektiboak zabaldu dira, eta guraso bakarreko familiak, eta indarkeria matxistaren biktimak txertatu dituzte.
Bestalde, ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak instalatzeko hobariak handitzen dira, bai banakako instalazioak zein kolektiboak instalatzeko garaian. Elkarte gastronomikoen hondakinen tasaren hobaria %50era igo dute, haien izaera sozialari erreparatuz.
Zerga berriak datorren urteko ordenantza fiskaletan, bi, zehazki: bizikletentzako aparkaleku itxiak martxan jarriko direla eta, udal aparkalekuetan bizikletentzako tarifa berri bat sortzea onartu zen. Gainera, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, Pasaiako Portua Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezin (BICE) gisa txertatzea onartu zen, eta ondorioz, diru sarrera berria izango du udalak, portuaren jarduerarengatik.
Zerga ordenantzak gobernu taldearen aldeko botoarekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta EAJ eta PPren kontrako botoekin onartu ziren. Nabarmentzeko, gobernu taldeak aurkeztutako proposamenari tartekatutako hiru emendakin onartu zituen plenoak, Elkarrekin Errenteriak, PSE-EEk eta EH Bilduk adostasuna lortuta; ibilgailu elektrikoen kargagailuen instalazioarekin, eta elkarte gastronomikoen hondakinen tasen hobariekin lotutakoak, zehazki.
