Elikadura kontzientea, erdigunera
Elikadura kontzientea jarri du erdigunean gaur goizean Ongizatearen Plaza iniziatibaren barruan egindako tailerrak.
Anne Otegi eta Arantxa Goenaga, Goenaka Esnekietako ordezkaria. Elikadura kontzientea jarri du erdigunean gaur goizean Ongizatearen Plaza iniziatibaren barruan egindako tailerrak. Tokiko ekonomia, bertako ekoizleen produktuak, saltoki txikiak, kalitatea, nutrizioaren gaineko gakoak, onuragarriak diren produktuak eta horien kopuruak… erpin asko aztertu ditu, Elikaeneako Anne Otegik. Harekin batera, Goenaga Esnekiakeko Arantxa Goenaga aritu da, eta ekoizten dituztenetako batzuk: jogurtak eta marmeladadun gurinak, kasu. Elikaenea Bergarako Oxirondo azoka eguneratzeko egitasmoa da. Bertako eta kalitatezko produktua erdigunean, kontsumitzaile eta ekoizleen artean zubiak eraikitzea du helburu.
Adi jarraitu dute tailerra bertaratu direnek; aktiboki, galderak eta ekarpenak egiten. Gehien-gehienak ikasleak, elikadura industrialeko gradua egiten ari direna. Horietaz gain, herritarrak ere. Adi entzun dituzte Otegik eta Goenagak azaldutakoak, baita dastatu ere Goenagak berak prestatutako gosari osasungarri askotarikoak. Oinarrian, barazkiak, frutak, kalitatezko eta hartzidura moteleko ogia, jogurta, babarrun zuria, baita gantzak ere, “neurrian beti ere, ezinbestekoak baitira gure hesteen eta artikulazioen lubrifikaziorako”.
Ikasleek ere egin dute ekarpena, eta besteak beste, fruta konpota egiten duen ikasle batek azukrerik ez baina gatza apur bat botatzen diola azaldu du, “gatza zapore indartzaile delako, ez da behar glutamato monosodikoa, gatz apur bat gozo naturala indartu egiten da”. Gurina eta margarinaren artean argi egin du Elikaeneakoak lehenengoaren alde, “oliba olioa zein ekilore olioak likidoak dira eta margarina solidoa, prozesu industrial kimiko bat du atzean. Gure gorputzak normalean, askoz hobeto hartzen du gurina ez duelako prozesu kimiko industrial hori”. Piperrak C bitamina ugari duela ere esan du, “laranjarena baino asimilagarriagoa da gainera, guretzat”.
Hausnarketarako galdera Elikaeneakoak: “Jaten dugun hori jasangarria da gure gorputzarekin eta gure ingurunearekin?”. Azkar erantzun dute ikasleek: “Irizpiderik gabe erosten dugu edozein lekutan, zikinkeria mordoa elikatzeko, balantzerik egin gabe osasungarria aukeratzeko. Zikinkeriak oso merkeak dira eta horietara jotzen dugu, merkea denera eta egina dagoenera”. Horren aurrean, non eta zer erosi jakiteko zer behar luketen galdetu die Otegik, “mugikorra baliatzen dugu denerako gazteok, eta ondo legoke aplikazio bat sortzea errezeta osasungarriekin, edota gertu kalitatezko produktuak erosteko aukera eskura izan eta ezagutzea”.
Hausnarketarako informazio gehiago Elikaeneakoak, “Mendebaldeko herrien artean bakarra gara gosaritarako berariaz sortutako produktua dugunak. Japonen zopa jaten dute, Mexikon txilea, eta Euskal Herrian garaiko baserrietan taloa, edo esne zopak. Ez zen erosten gosaltzeko produktu bat, etxean zegoena jaten zen. Esnea azukrerik gabe ere gozoa da, eta taloa arto irinarekin egiten da, xurgapen moteleko karbohidratoa”. Mezua argia Otegik, “garai bateko elikadura berrartzea, aiton-amonen garaiko hartara itzultzea”. Produktu ultraprozesatuak baztertu eta etxean kozinatzera deitu du, gertuko produktuekin, edo horren ahalik eta antzekoen alde egitea. Tokiko merkataritza babestea ere gako, “interesatzen zaigun hori babestu eta bultzatzeko betebeharra dugu, elikadura industriak ez du ekoizten saltzen ez dena eta gure esku dago hortaz, ez erostea hainbat produktu. Baserritar eta nekazarien ekonomia babesten duten saltokietan erosten badut, kalitatezko eta konfiantzazko produktua erosteaz gain, nik hor ordaintzen dudan dirua nire oinarria den egituran berrinbertituko da. Gure dirua enpresa handi bati ematen badiot, auskalo zertan edo non inbertituko duen. Gakoak: hobeto erosi, kalitatezkoa erosi eta kozinatzen hasi”.
Tailerra interesgarria oso tokikoa sustatu eta hausnarketa bultzatzeko; tokikoarekin lotuta eta hizkuntzari helduta, tamalez, euskara gutxi entzun da azalpenetan.
