Izua nagusi Lezon
Gau Beltza iristear da. Gaur (ostirala) eta bihar hainbat izango dira herrian egingo diren jarduerak.
Izua nagusi Lezon, Gau Beltzari esker. Albiste honen titularra eta sarrerako esaldia gehiegitxo izan daitezke agian, baina herriko eragileen lankidetzari esker izu horri edo izuei orokorrean nola aurre egin jabetzeko egunak dira herrian, Gaur Beltza, Arimen Gaua, edo Domu Santu Egunaren bezpera aitzakiatzat hartuta. Bihar (hilak 31, larunbata) da Gau Beltza, baina horren aurretik eta ondoren ere izan dira eta badira jarduerak. Izuei aurre eginez euskal giroaz gozatzeko aukera izango dute hala nahi dutenek.
Gaur (hilak 30, ostirala) adibidez Kuadrillategiko eta Faktoriako kideek Izu Etxea jarduera egingo dute. Horrekin paraleloan, Gurutze Santuaren plaza apaintzeko deialdia egin dute antolatzaileek; Aiton Amonen Aterpearen eskutik txokolate beroa ere banatuko dute.
Biharko (hilak 31, larunbata) egunari begira honakoa da Lezoko eragileek antolatu dutena:
- 19:00. Gurutze Santuaren plazatik abiatuta, kalejira. Sutargi abesbatzaren eta Murixka dantza taldearen emanaldiak ere izango dira.
- 20:00. Gaztaina banaketa plazan.
- 20:30. Atzekoaten, Orratx! Antzerki Taldearen lehen emanaldia.
- 21:15. Atzekoaten, Orratx! Antzerki Taldearen bigarren emanaldia.
Biharkoekin ez dira bukatuko gau Beltzaren harira antolatutakoak. Izan ere, azaroaren 2an (astelehena) Heriotza haurrekin izenburuko hitzaldia emango du Naroa Martinezek Kultura Aretoan, 18:00etan hasita. Talaiak eta Hezikuntzak antolatutakoa da solasaldia.
