Ongizatearen Plaza, hausnarketarako zabalik
Egungo errealitate sozial berriek guztien ongizatean duten eraginaren inguruan solas egiteko gonbita egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak; bi egunez zabalik egongo da espazio berritzaile hor Gamon Zumardian.
Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea.Gipuzkoako Foru Aldundia Atzo ekin zioten Ongizatearen Plazako programazioari Errenteria-Oreretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen iniziatibak, “egungo errealitate sozial berriek guztion ongizatean” duten eraginaren inguruan solas egiteko espazio bat sortzea du helburu. Iniziatibaren inguruan mintzatu ziren atzo Eider Mendoza diputatua eta Aizpea Oategi Errenteriako alkatea. Bi egunez, atzo eta gaur —ostirala 30—, Gamon Zumardian izango da kokatuta plaza ibiltaria. Norbanakoen ongizatean eragina duten errealitate “berri eta emergenteak” ugaritzen ari diren honetan, Mendozak nabarmendu zuen “oinarrizkoa” dela gai hau plazaren erdigunera ekartzea eta modu kolektiboan erantzunak bilatzea.
Ongizatearen Plazak iazko uztailean hasi zuen Gipuzkoan barrenako bere ibilbidea, Zarautzen. zehazki, eta ordutik, hamaika herritan izan da dagoeneko: Zarautzen, Bergaran, Eibarren, Hernanin, Legazpin, Pasaian, Deban, Donostian, Hondarribian, Elgoibarren eta Irunen. Hamabigarren geldiunea da Errenteria-Oreretakoa eta datozen hilabeteetan lurraldean barrena jarraituko du bidea, ariketa fisikoa zahartzaroan, elikadura osasuntsua, haurren heziketa, gazteen ongizatea, eta euskarak komunitate bizitzan duen garrantziaz hausnartzen, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ongizate integrala lehentasunezko gaia dela nabarmendu zuen diputatu nagusiak. Hala, herritarrak gonbidatu zituen Ongizatearen Plazako elkarrizketara batzera, ideiak partekatu, hausnartu eta gozatzera. Gaineratu zuen pertsonen ongizate integrala “herritar guztion partaidetza eskatzen duen erronka” dela, modu indibidualean soilik heldu ezin zaiona, “denon artean eraiki beharra daukagu, ikuspegi komunitario batetik”, azpimarratu du Mendozak.
Errenteriako Udalarentzat, pertsonen ongizateak zerikusia du herritarrek bizi baldintza material duinak izatearekin, baina baita, komunitate baten parte sentitzearekin: “Ingurukoen aitortza eta harreman esanguratsuak izatearekin eta bizi garen ingurunearekin konektatuta egotearekin. Beraz, uste dugu ez dela nahikoa norbanakoaren beharrei erantzutea, baizik eta erakundeetatik ere, garatzen dugun politika eta ekimen bakoitzean, ongizatea eragingo duen komunitate baten eraikuntza sustatu behar dugula. Eta horrek esan nahi du gizarte harremanak, bizikidetza espazioak, parte hartzea eta pertsona bakoitza guztion artean osatzen dugun komunitatearen parte sentitzeko aukerak sustatzeko lan egitea. Eginkizun horretan Errenteriak aliatu handi bat du, elkarte sarea, askotarikoa eta oso aktiboa”.
Gaur elikadura osasuntsuari buruzko tailer batekin hasiko da programazioa, Elikaeneako Anne Otegik zuzenduta, Errenteria-Oreretako ekoizle baten laguntzarekin. Tailer honetan tokiko eta sasoiko produktuekin gosari osasuntsuak prestatuko dira, elikadura kontzienteari eta jasangarriari buruzko azalpenekin batera.
Jardunaldiak gazteen ongizatean eta osasun emozionalean eragiten duten sare sozial eta bestelako faktoreei buruzko hausnarketa gune batekin jarraituko du.
Arratsaldean, euskararen eta ongizatearen arteko harremana jorratuko dute Badalaben eskutik. Euskarak eguneroko bizitzan eta ongizatean duen lekuaz hausnartuko da, integrazioa, giza harremanak, teknologia berriak, komunitate sentimendua eta pertenentzia bezalako gaiak hizpide hartuta.
Bukatzeko, Josu Ozaita antropologoak Gau Beltza euskal tradizioaren erritoak eta sinboloak aztertuko ditu. Ildo horretan, Idoia Lizeagak tailer bat diseinatu du, non lore bat apainduko den babes eta ugaritasun sinbolo gisa, Begoña Fernandez herriko lore diseinatzailearen eskutik.
Ongizate Plaza musikarekin itxiko da, giro informalean, bi egunetako esperientziak partekatzeko.
