Portuak ez dituzte gerrarako eta zapalkuntzarako nahi
Pasaiako portuko LABen ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur, Gerraren eta Militarismoaren Aurkako Ekintza Egunean.
LABeko kideak, gaur, Pasaiako portuko mobilizazioan.LAB Maiatzean egin zuten Turkiako Istanbulen Portuetako Zamaketarien III. Nazioarteko Kongresua. Han izan ziren Bilboko eta Pasaiako portuetako LABen ordezkariak, besteak beste. Orduko hartan adostu zuten zazpi puntuko adierazpen bateratuan esan zuten portuak ez direla erabili behar armak, munizioak, material militarra eta tropak garraiatzeko. “Sindikatuei eskatzen diegu zaintza-lanak indartzeko, langileei informazioa emateko, gerraren karkailak agerian uzteko, eta erresistentzia kolektibo masiboa antolatzeko gure baliabide guztiekin eta gure borrokarekin”, dago jasota adierazpen horren hirugarren puntuan. Hala, gaur, hori aintzat hartuta eta Gerraren eta Militarismoaren Aurkako Ekintza Eguna izanik, Pasaiako eta Santurtziko portuetan mobilizatu da LAB.
Sindikatuak azaldu du Munduko 100 portu baino gehiagotan eraman dituztela aurrera Pasaiakoaren eta Santurtzikoaren antzeko mobilizazioak, maiatzean zamaketarien sindikatuetako nazioarteko topaketan adostutako adierazpenari jarraikiz.
Istanbuleko zazpi puntuko agiri horretan jasoa dago Palestinako herriaren genozidioa berehala bukatu behar dela, eta giza laguntzarako korridore seguruak ireki behar direla: “Palestinako herriari ezarritako kolonizazioak, okupazioak eta apartheidak bukatu behar du, eta nazioarteko komunitateak onartutako estatu palestinar independentea onartu behar da”. Ekialde hurbilek gerrak ere bukatu behar duela adierazi zen han.
Aldi berean, portuen eta azpiegitura kritikoen militarizazioa amai dadila eskatu zuten zamaketarien sindikatuek: “Portuak herrienak eta langileenak dira. Ez dira baseak NATOrentzat, AEBentzat edo EBentzat, ezta armadoreen eta monopolio taldeen tresnak ere. Ez gerra ekonomiari eta armamentuari. Dirua soldatetara, hitzarmen kolektiboetara, osasunera, hezkuntzara, etxebizitzara, behar sozialetara, bizitza babestera eta laneko segurtasunera bideratu behar da”.
