Kafetxo baten bueltan euskarari bultzada ematen
Mintzalagun egitasmoaren barruko sei talde daude oraingoz Lezon. Nork bere euskara maila hobetzeko eremu informal eta sosegatua behar dutenentzat espazio dira talde horiek, mingaina askatzeko.
Pili Berrotaran Brit, Mertxe Larrea Garmendia eta Gurutze Alberdi Dadebat, Sotxo parean. Astelehen goizero, 10:15ak inguruan biltzen dira Pili Berrotaran Brit, Gurutze Alberdi Dadebat eta Mertxe Larrea Garmendia Sotxo pubean. Kafetxo bat hartzen dute, ordubetez-edo izaten dira honetaz eta hartaz solasean. Euskaraz. Izan ere, Lezoko Mintzalagun egitasmoaren partaide dira: lehen biak mintzalagunak dira, duten euskara maila mintzapraktika bidez hobetu nahi dutenak, alegia; Larrea, berriz, mintzalaguntzailea da, euskara ondo menderatu eta haien solasaldiak gidatu eta mingaina askatzeko laguna.
Euskaraz hitz egiteko. Horregatik daude Mintzalagun-en Berrotaran eta Alberdi. «Etxean edo inguruan ez dut aukerarik euskaraz hitz egiteko, eta oso onuragarri zait astean behin bada ere dakidan horri hauspoa ematea», esan du Berrotaranek. Txikitan euskaraduna zen, baina Donibanera bizitzera joan eta han galdu zuen hizkuntza, «orain pixkanaka berreskuratzen ari naiz». Oroitzene AEK-ko erretiratuen taldean dago aldi berean.
Alberdi antzeko terminoetan mintzatu da. «Etxean, amak ez zekien euskaraz. Aitak bai, baina lanetik gauean iristen zen etxera, ez genuen tarterik, beraz, euskaraz aritzeko. Gerora, jendearekin-eta ikasi dut, dantza taldean, bikotekidearekin… Baina gehiago ikasi eta askatu nahi nuke», azaldu du. AEK-ko ikasle izandakoa da Alberdi: «Euskaltegira joan nahiko nuke, baina ez dut denborarik».
Euskaltegian edo kalean ikasitakoari balio erantsia ematen dio Mintzalagun egitasmoak. Euskaltegietako ingurune formaletik, eremu informalera jauzia egiteak konfiantza ematen die euskara maila apala dutenei, edo besterik gabe hizkuntza erabiltzeko aukera ez duten horiei. Dakitenari eusteko eta gehiago ikasteko aukera da, mintzalagunek eta mintzalaguntzaileek erabakitzen dituzten planak eginez.
Badira urte batzuk mintzalaguntzaile dela Larrea. «Egitasmoan ekarpena egin nezakeela erabaki, euskaltegira joan, eta izena eman nuen. Denok jarri behar dugu gure aletxoa», zehaztu du. Berrotaranek zein Alberdik esan dute Larrearekin «erraz» aritzen direla euskaraz, gaiak emateaz gainera, laguntza ematen dielako zuzenketarik-edo behar balitz. Aditzen batekin-edo trabatzen direnean, Larreak adiera zuzenera iristeko «bultza» egiten diela azaldu dute bi mintzalagunek. «Gainera, hitz egiteaz gainera, iruditzen zait garrantzitsua dela euskarazko testuak irakurtzea hizkuntza gehiago menderatzeko. Horrela nork bere hiztegia aberasten du», Larreak. Bat-batean, blok txiki bat atera du hark zorrotik, «hemen apuntatzen ditut ezezagun zaizkidan euskarazko hitzak, ondoren hiztegian-edo haien esanahia bilatzeko».
Sei talde
Mintzalagun egitasmoaren barruko sei talde osatu dituzte oraingoz Lezon. Astelehen goizetan bi batzen dira, eta arratsaldetan beste bat. Ostegun arratsaldetan, berriz, beste bi taldek hartzen dute tartea euskaraz mintzatzeko, eta seigarrena ostiral arratsaldetakoa da. Euskarari bultzada emateaz gainera, sozializatzeko aukera ere bada Mintzalagun, lagun berriak egin eta ezezagun ziren jardueretara iristekoa.
Herrian era sosegatu eta naturalean euskaraz hitz egiteko aukera izateaz gainera, beste hainbat jarduera egiten dituzte Mintzalagun egitasmoan direnek, hala nola irteerak, txangoak, bazkariak, kultur jarduerak… Igandean arratsaldean, esaterako, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan itsasotik ilunabarra ikustera joango dira Pasaiako Mintzalagun-en dabiltzanekin batera.
Mintzalagun edo mintzalaguntzaile izan nahi dutenek Lezoko Oroitzene AEK euskaltegitik pasa besterik ez dute egin behar, han izena emateko. Ikasturte osoan zehar dago egitasmoarekin bat egiteko aukera.
