Izua etorri da, eta erre dute
Beldurrak erre dituzte Lezon. Gau Beltzak giroa eta ohitura zaharren indarra ekarri du herrira.
Izua iritsi zen, eta erre zuten. Lezoko Gau Beltzak giroa eta usadio zaharrak, gaur egunera egokituta, ekarri zituen herrira larunbat ilunabarrean. Komunitatean landutako jarduera izan zen Arimen Gauarena, udalerriko eragile askoren artean landutakoa. Beldurrei aurre egiteko gaualdia izan zen, hainbat elementukoa.
Prestaketa, kalejira, Sutargiren, Murixkaren, Orratx!-en emanaldiak, gaztaina jatea, herriko inauterietako protagonisten agerraldia mendi aldetik… Haur eta heldu, denek gozatu zuten sua, iluntasuna, hitz xuxurlatuak eta zirrara batu zituen jarduera sortarekin. Jendetsuak izan ziren.
Lezoko Gau Beltzaren programazioak badu beste hitzordu bat. Gaurko (hilak 2, astelehena), hitzaldia antolatu dute Talaiak eta Hezikuntzak Naroa Martinez irakasle eta psikologoarekin: Heriotza haurrekin izenburupean, etxeko txikienekin gaiaz nola hitz egin azalduko du Kultura Aretoan 18:00etan.
Segidan, lezoarrek HITZAra bidalitako argazkiekin, larunbateko Gau Beltzaren irudi kronika.
