Kontzertu programazioari helduko dio De Cyne Reynak ostiraletik
Lehen emanaldia ostiralean, hilaren 6an, egingo du: Jam Reyna.
Zuzeneko emanaldien espazio izan da urte luzetan De Cyne Reyna, artistak gertutik eta emanaldi intimoak entzuteko aretoa. Eskualdaketa egin zuen tabernak joan den ekainean; haren sortzaile eta arima hamarkadetan izan ziren Fernan Cuellar Perez de Azpillagak, Txomin Abad Mayoralek eta Txema Moares Bengoetxeak erretiroa hartuta, herritar talde batek hartu zuen lekukoa.
Argi adierazi zuten taberna hartzerakoan, haren bidearen segida egingo zutela. Orain iragarri dute kontzertuen programazioari helduko diola De Cyne Reynak, eta ostiralean, hilaren 6an, izango da lehen hitzordua. V.O.S taldeak eta 35 urtean Reynatik pasatako musikariek Jam Reyna emanaldia eskainiko dute 20:30ean hasita.
Datozen emanaldiak, abenduaren 18tik aurrera egingo dituzte.
