Lurraldebusek Oarsoaldean ematen duen zerbitzuan hobekuntzak iragarri ditu Azahara Dominguezek
Lurraldebuseko emakida berriaren lehen asteetako funtzionamendua aztertu ondoren, ordutegi batzuk zabaldu eta egokitu egin dituzte.
Lurraldebusek Oarsoaldean ematen duen zerbitzua egokitu egin dutela jakinarazi du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde antolaketako diputatuak, eta hobekuntzak iragarri ditu. Urriaren 1ean jarri zuen emakida berria martxan Lurraldebusek Oarsoaldean; lehen asteetako balorazioa eginda Dominguezen departamentuak hainbat aldaketa egingo ditu, “erabiltzaileentzat esperientzia erosoagoa izan dadin eta dauden beharretara hobeto egokitu dadin”.
Errenteria-Oreretako auzo elkarteetako ordezkariekin bildu da diputatua Beraunen, irailean emakida berria martxan jarri aurretik bizilagunekin bilerak egiteko konpromisoa hartu baitzuen, linea berrien funtzionamendua aztertzeko.
Egingo diren aldaketak, hilabete bukaeran jarriko dituzte indarrean. Besteak beste, ordutegi batzuk zabaldu eta egokituko dituzte, bidaiak gehituko dira, eta zerbitzu batzuk indartuko dituzte.
Dominguezek konpromisoa hartu du lineen funtzionamenduaren etengabeko jarraipena egiten jarraitzeko eta sor daitezkeen beharrak aztertzeko, “beharrezkoa izanez gero zerbitzuaren kalitatea hobetzen jarraitzeko aukera emango duten doikuntza berriak egiteko”.
Lineetako aldaketak, ondoko koadroan.
Ekialdebusen aldaketak azaro bukaeran
- OR02 (Oiartzun > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia, Grosetik)
Astelehenetik ostiralera, goizeko lehen hiru zerbitzuak hamar minutu aurreratuko dira Donostiarako noranzkoan, eta 5:15ean, 5:45ean eta 6:15ean emango dira. - OR03 (Errenteria-Beraun) > Pasaia > Donostia, Grosetik)
Errenteriatik 13:15etik 20:30era bitartean eta Donostiatik 13:55etik 21:10era bitartean, 15 minutuero egongo da zerbitzua.
Igande eta jaiegunetan larunbatetako zerbitzu bera eskainiko da, ia egun osoan 20 minutuko maiztasunarekin. - OR05 (Pasai San Pedro > Donostia, Grosetik)
Donostiatik 13:25etik 21:10era bitartean, eta Pasai San Pedrotik 13:00etatik 21:00etara bitartean, 15 minutuero egongo da zerbitzua.
Igande eta jaiegunetan larunbatetako zerbitzu bera eskainiko da, ia egun osoan 20 minutuko maiztasunarekin. - OR08 (Oiartzun > Errenteria > Donostia Ospitaleak/Miramon)
Irteera berriak gehituko dira: Oiartzundik 7:15ean eta 15:00etan, eta Donostiatik 15:45ean. - OR09 (Pasai San Pedro > Donostia Ospitaleak/Miramon)
Pasaiatik orduero egongo da zerbitzua 7:35etik 20:35era bitartean, eta hiru irteera berri gehituko dira: 7:05ean, 14:05ean eta 21:05ean. Kontrako noranzkoan, 8:05etik 22:05era bitartean, orduero egongo da zerbitzua. Linea horrek Eskalerillasen, Buenavistan eta Antxoko Nafarroa hiribidean egingo ditu geldialdiak, eta Antxoko Molinaotik barrena hartuko du saihesbidea. - OR10 (Oiartzun > Errenteria > Donostia, Antiguatik)
Donostiatik Oiartzunerako itzulera-ordutegiak egokituko dira. Lehen irteera 7:30ean izango da, eta 8:40tik 21:40ra bitartean orduero egongo da zerbitzua. Azken irteera, berriz, 22:00etan izango da. - OR15 (Errenteria-Beraun) > Donostia Ospitaleak/Miramon)
Irteera berriak : Errenteriatik 5:20an, 6:20an eta 6:50ean, eta Donostiatik 22:20an.
Ordutegiak egokituko dira: Donostiarako noranzkoan, 7:50etik 20:50era bitartean 60 minutuero egongo da zerbitzua, eta azken irteera 21:20an izango da. Gipuzkoako hiriburutik, berriz, orduro egongo da zerbitzua 7:20tik 22:20ra bitartean.
Bi linea berri
- BI08 linea (Hondarribia > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia, N-I errepidetik)
Antzinako E20 linearen ibilbidea hartuko du, baina hobekuntza batekin: astelehenetik ostiralera egun osoan jardungo du, 30 minutuko maiztasunarekin. - BI09 linea (Irun > Errenteria > Pasai Antxo > Donostia, N-I errepidetik), E26 linearen ibilbidea berreskuratuko du, baina hobekuntzekin. Izan ere, astelehenetik ostiralera egun osoan eskainiko du zerbitzua, 30 minutuko maiztasunarekin.
