Fanderiako errotan, tailerra eta jarduera berezia
Asteburu honetan, hilaren bigarrena, zabalik izango da errota eta martxan ikusteko aukera izango da ohi moduan.
Fanderiako Errota-Ibaiaren Etxeak larunbatean zabalduko ditu ateak. Hiru hitzordu ondu ditu Fanderiako Errotako Ibaiaren Etxeak hilabete honetarako. Lehenik eta behin, eta ohi moduan, hilabeteko bigarren asteburua izanik ateak zabalik izango ditu larunbatean 11:30etik 14:00etara eta igandean, 10:30etik 14:00etara, eta bere historia ezagutzearekin batera, hura martxan ikusteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Gainera, larunbatean tailer berezia eskainiko dute bertan 10:30tik 11:30era bitartean, Eta negua hurbiltzean zer? Bizidunek negua igarotzeko dituzten estrategiak ezagutzeko eta txorientzako janlekuak eraikitzeko tailerra da haur eta familiei begira. Doakoa izango da, baina aldez aurretik izena ematea derrigorrezkoa izango da.
Bestalde, hilaren 15ean, hiruhileko jarduera berezia antolatu dute 10:30etik 12:30era. Udazkenaz gozatzeko mendi irteera antolatu dute aiako Harria Parke Naturalean. Oiartzun ibaiaren iturburuetatik sei kilometro inguruko mendi ibilbide gidatua izango da. Azken hori ere doakoa, baina tailerrean bezalaxe aldez aurretik izena eman beharko dute parte hartu nahi dutenek.
Horretarako, edota informazio gehiago eskatzeko bi telefono zenbaki eta bi posta elektroniko helbide jarri dituzte interesdunen eskura: Turismo bulegoarena 943 49 45 21 edo posta elektronikoa (klik hemen ); edo 690 72 02 64 eta posta elektronikoa (klik hemen).
