'Sustraitik espaziora', Gezalan
Lezoko Zinema Ttikiak Errigora egitasmoaren dokumentalaren emanaldia antolatu du biharko (hilak 5, osteguna).
Errigoraren kanpaina berriaren aurkezpenekoa da irudia.Errigora Euskarari Puzka 2026 kanpaina betean da Errigora egitasmoa. Kanpaina horren osagarri modura Sustraitik espaziora dokumentala egin dute, eta herriz herri aurkezten ari dira. Lezon ere hala izango da: bihar (hilak 5, osteguna) ikusi ahal izango da dokumentala Gezala Auditoriumean, 18:30ean hasita. Lezoko Zinema Ttikiak antolatu du saioa.
Errigora Nafarroako Ager eremuko euskalgintza babesteko, eta hango ekoizle txikiak laguntzeko egitasmoa da. Horren barruan urtean bi kanpaina egiten dituzte, bietan garaiko hango produktuen saskiak erosteko aukera dagoelarik. Internet bidez egiten dira eskaerak, eta horiek ondoren herrietara ekartzen dituzte eskatzaileek hurbil jaso ditzaten. Lezon, Oroitzene AEKn jaso ahalko dira saski horiek. Noiz jaso daitezkeen denboraz azalduko dute.
Abian den Euskarari Puzka 2026 kanpaina hilaren 12ra arte izango da indarrean, beraz, ordura arte egin daitezke Errigoraren produktuen eskaerak.
