Unibertsoa Donibanetik
Ostiralean 35. Astronomia jardunaldiak egin ziren Donibanen, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Calar Altoko Behatokiarekin zuzeneko konexioa egin zuen.
Astronomiako 35. jardunaldien barruan, Donibaneko Juanba Berasategi aretoa unibertsorako leiho bihurtu zen iragan ostiralean, Aranzadi Zientzia Elkarteak Calar Altoko Behatokiarekin zuzeneko konexioa egin baitzuen. Saioa Ana Guijarro Calar Altoko astronomoak eta Aranzadiko Virginia Garciak eta Iñaki Ordoñezek gidatu zuten. Aretoa lepo bete zen.
Calar Altoko Behatokia Almeriako Sierra de los Filabres mendilerroan dago kokatuta, itsas mailatik 2.100 metro baino gehiagora. Donibaneko saioan erabili zuten teleskopioa behatokian instalatu zuten lehena izan zen, eta 1975ean jarri zen martxan. Ispilu nagusiak 1,23 metroko diametroa du, eta oso urrun dauden objektuen argia biltzeko aukera ematen du. Teleskopioa urrunetik kontrola daitekeenez, bertaratutakoek Donibanetik bertatik jarraitu zituzten behaketak zuzenean.
Saioan bi nebulosa planetario ikusi zituzten (M57 Eraztunaren nebulosa eta M27 Dumbbell nebulosa), baita Esne Bidearen antzeko NGC 7331 galaxia eta bi izar multzo ere (M15 eta M103).
Saioa bukatzeko, teleskopioa saturnora zuzendu zuten. Planeta eta haren eraztunak ikusi ahal izan zituzten, Donibanetik mugitu gabe.
