Asteburu erabakigarria EPLEko pilotarientzat
Larunbatean Gipuzkoako Ezker Paretako Binakako Ohorezko Mailako Seniorren eta Trinketeko Lehen Mailako eskuz binakako seniorren finalak jokatuko dituzte.
Mikel Aranguren EPLEko pilotaria.EPLE Lanak txukun egin beharko dituzte EPLEkoek asteburuan. Izan ere erabakigarria izango da, eta orain arteko bideari jarraitu beharko diote txapela jantzi nahi badute.
Batetik Gipuzkoako Ezker Paretako eskuz binakako Ohorezko Mailako seniorren finala jokatuko dute larunbatean Donostiako Atano III pilotalekuan. Jaialdia 10:30ean hasiko da, eta EPLEko Santxo eta Aranguren Zegamako Tartaloetxe klubeko pilotariak izango dituzte aurrez aurre. Indartsu datoz zegamarrak, baina Errenteria-Oreretako klubekoak zazpitik zazpi irabazita heldu dira final handira.
Helburua argi dute EPLEkoek,Ohorezko Mailako txapela janztea larunbateko finala irabazita.
Larunbat arratsaldean, berriz, Trinketeko Eskuz Binakaka Lehen Mailako finala jokatuko dute. 16:30ean hasita EPLEklo Taberna eta Sorondo txapela irabazten saiatuko dira Mundarroko Barandiaran eta Gurutzealderen kontra. Azken hori ere berdindua eta gogorra aurreikusi dute.
Trinketeko Larruzko Paletan Telmo Astrain eta Yorelek Gipuzkoako Txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dituzte igandean, hilaren 8an, Irurako trinketean 11:00etan hasita. Aurkari, Debako Euskal Jolas elkarteko pilotariak.
Ezker paretako Larruzko Paletako Gipuzkoako Txapelketaren balantze positiboa egin du EPLEk; Estefano eta Yorel Lehen Mailako finalerdietara sailkatu ziren 35-26 galdu bazuten ere Errepala 1en kontra, Partida bikaina egin zuten EPLEkoek.
Eskisabel eta Rubenek Lehen Mailan jarraituko dute, eta azkenik, Etxezarreta eta Abel Bigarren Mailako finalera sailkatzeko puntuan izan ziren, baina azkenean, 33-35 galdu zuten Gazteluren kontra.
Atano III zein Iruran jokatuko diren finalak Gipuzkoa Pilota emankizunak Youtube kanalean emango dituzte, eta larunbat goizeko Atano IIIeko finalaren partidak Hamaika Telebistan ikusteko aukera ere izango da.
