Sukaldaritza eta nutrizio tailerra eta zozketa, Udazkeneko Azoka Berezian
Tokiko ekoizpena, lehen sektorearen lana eta hurbileko kontsumoa sustatzea ditu helburu azoka bereziak.
Errenteria-Oreretak Udazkeneko Azoka Berezia hartuko du larunbatean, hilaren 7an, Jose Erbiti kalean. Bertan da baserritarren azoka, eta 09:00etatik 13:00etara tokiko ekoizpena, lehen sektorearen lana eta hurbileko kontsumoa oinarri izango duen egitaraua ondu dute.
Lehen sektoreko ustiategiek egiten duten lana aitortzea eta herritarrengana hurbiltzea bilatzen dute azoka bereziaren bidez, eta hori horrela, Jose Erbiti kalea inguruko ekoizleen erakusleiho bihurtuko da goiz osoan zehar. Bertan izango dira Larremotx baserria ekoizten duen ardi gazta ekologikoarekin; Arraztalo elkartea, barazki ekologikoekin; Lurraren Orena ustiategia, barazki ekologikoekin; Arretxegar ustiategia, tomate eta barazkiekin; OnEin kontserbak, kontserba ekologikoekin; Ogiaren Maitaleak Elkartea, ogia eta opilekin; eta Zituene pasta ekologokoarekin.
Azokaren osagarri, Arraztaloren sagardo ekologikoa dastatu eta erosteko aukera izango da, eta horrekin batera, Udal Txistulari Taldea eta Herri Arte Eskolako trikitilariek musika eskainiko dute, goiza girotzeko.
Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin sukaldaritza eta nutrizio tailerra ere ondu dute larunbaterako. Hori da aurtengo ekitaldiko berritasun nagusia. 11:00etan egingo dute, azoka eremuan, herritarrei eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri ta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzeko. Proposamena zehatza: ordubete inguruan aste osorako janaria prestatzen ikastea. Horretarako, parte hartzaileek sukaldeko denbora optimizatzeko baliabideak ezagutuko dituzte dieta orekatu eta osasungarria bermatuta aldi berean.
Bertako eta garaiko produktuak erabiliko dituzte tailerrean, kontsumo arduratsua sustatuz eta tokiko ekoizleen lana balioan jarriz.
Saioa Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute. Haien eskutik aholku praktikoak eta egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak jasoko dituzte. Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioa da antolatzailea, Gipuzkoako Azolen Sarearen barruan, Errenteriako Udalarekin elkarlanean.
Eta hori gutzia gutxim balitz bertako ekoizleen produktuez osatutako saskia zozkatuko dute 12:30ean. Horren bidez, baserritarren azokan erosketak egiten dituzten herritarrak saritu nahi dituzte. Udalak herritar gutztak deitu ditu bertaratzera.
