Hamabostaldia, euskaraz bizitzeko
Egitarau zabal-zabala, askotarikoa eta adin guztietako herritarrei begirakoa, xede batekin: arnasguneak eraikitzea, euskara hauspotzea, euskaratik jositako sareak sortzea... finean, euskaraz bizitzea bermatzeko bidean urratsak egitea.
Hamabostaldia egitarau zabalarekin dator, euskara hauspotzeko. Euskarari arnas ematera dator aurten ere Hamabostaldia. Egitarau zabal-zabala, askotarikoa eta adin guztietako herritarrei begirakoa, xede batekin: arnasguneak eraikitzea, euskara hauspotzea, euskaratik jositako sareak sortzea… finean, euskaraz bizitzea bermatzeko bidean urratsak egitea. Atzo arratsean aurkeztu zuten ondu duten jarduera sorta Joxepa Antoni Aranberri anitzenean Leire Mazizior Hizkuntza Politiketako zinegotziak hainbat eragilek lagunduta.
Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, egingo duten kalejira bateratua erdi-erdian jarri zuen Maziziorrek. Ekitaldi horrek jarriko dio ginga Hamabostaldiari. Bi zutabe abiatuko dira Beraun eta Fanderia auzoetatik, musikaz lagunduta, eta inguruko auzoetan barrena ibili ondoren, Foru Plazan bat egingo dute bi zutabeek, “bertan lauzpabost kanta abestuko ditugu denok elkarrekin. Hala ere, bidean zehar dantzak eta musikak ere tartea izango dute dagoeneko bat egin duten eragileei esker”. Batzuk dagoeneko zehaztu dute parte hartuko dutela, baina bat egitera ditu Maziziorrek oraindik ere batu ez diren herriko eragileak, “noski herritarrei ere bat egiteko deia egin nahi diegu”.
Egitarauaren eta Hamabostaldiaren atzean eragile ugari, askotarikoak: AEK, Badalab, Beti Prest Dantza Taldea, Herri Arte Eskola, Kaputxinoetako Auzo Elkartea, Kirol Saila, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea, Oarsoaldea Euskara Batzordea, Orereta Ikastola, Talaios Koop, Orereta Ikastola, Udal Euskaltegia, eta Zituene Kooperatiba. “Egitaraua osatzen lagundu duten eragileei eta udaleko sailei erakutsitako prestutasunagatik eta egindako ekarpenengatik eskerrak eman nahi dizkiegu udaletik” esan zuen Maziziorrek.
Hilaren 8tik (igandea) abenduaren 3ra arte egingo dute euskararen aldeko programazioa eta askotariko ekitaldiak izango dira tartean. Kultur eskaintzaren barruan Barrexerka antzerki konpainiaren Patatekin antzezlana eta bakarrizketa saio bat antolatu dituzte; horrez gain, muxikoak eta bi kantu jira saio antolatu dituzte: bata Erdigunean, eta bestea, Kaputxinoak auzoan.
Tailerrak eta ikaskuntzarako espazioak ere ondu dituzte Hamabostaldiaren barruan. Hala zerealak ezagutzeko tailerra, eta Gure dieta digitalak jardunaldia egingo dira Torrekuan. Gainera, Atlantikaldiaren barruan egindako (H)erritmoz tailerra egingo dute berriro, dantzaren bidez herriko kulturak ikusarazi eta kulturarteko harremanak sustatzeko.
Sokatira txapelketa
Sokatira Txapelketa Herrikoiaren iazko arrakastaren ondotik, aurten bigarren ekitaldia antolatu dute. Fanderiako Agustina Otaola pilotalekuan egingo dute dema herrikoia. Parte hartzeko 18 urtetik gorakoa izan behar da, seiko talde mistoak osatu beharko dira, eta izena emateko epea zabalik dagoela oraindik gogorarazi du Maiziorrek. Izena emateko klik hemen.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak antolatuta egingo duten Euskaltzaleon Plazari ere erreferentzia udal ordezkariak, “elkarrekin hausnartu eta ekiteko gune bat izango da, herrian euskararen erabilera indartzea helburu duena. Blaitu MHLZ Kahoot lehiaketan parte hartzeko aukera ere izango dute herritarrek. Horrekin batera, Udal Bibliotekak Oiartzo eta Bizarain ikastolekin batera abian jarritako audioliburu proiektua ezagutzeko aukera izango da.
Euskaraz mintzatzea, euskaraz bizitzea eta euskaraz kontsumitzea ere erdigunean jarriko du Hamabostaldiak. Iazkoari jarraipena emanez euskarazko kontsumoa sustatzeko kanpaina egingo du herriko establezimenduekin batera. Hartara, hilaren 16tik abenduaren 3ra arte Euskaraz barra-barra kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erosketak egiten dituzten herritarrek zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Saria, 2027an udalak antolatutako euskarazko emanaldi guztietarako bi sarrera doan izango dira.
Hamabostaldiaren egitaraua
- Hilak 8, igandea: Muxikoak, 12:00etan Herriko Plazan.
- Hilak 12, osteguna: Barrexerka bakarrizketa saioa, 10:00etan, Niessen Kulturgunean. Gonbidapena behar da (klik hemen).
- Hilak 12, osteguna: Barrexerka konpainiaren Patatekin antzerki emanaldia, 18:30ean Niessen Kulturgunean.
- Hilak 14, larunbata: Kantu Jira, 12:00etan Herriko Plazatik.
- Hilak 16, astelehena: Ikuska Sariak Euskaltegietako ikasleentzat, 10:00etan Niessen Kulturgunean.
- Hilak 21, astelehena: Zerealak ezagutu eskuak zikinduz, pasta freskoa ekoizteko tailerra, Zituenen, 11:30etik 13:00etara. Izena eman behar da (klik hemen)
- Hilak 22, igandea: II. Sokatira Txapleketa Herrikoia, 10:30ean hasita Agustina Otaola Fanderiako pilotalekuan.
- Hilak 24, asteartea: Euskaltzaleon Plaza, Joxepa Antoni Aranbarri anitzeneko hirugarren solairuan, 18:30ean hasita.
- Hilak 27, ostirala: Gure dieta digitalak, zer jan hura izan Torrekuan 09:30etik 14:00etara.
- Hilak 28, larunbata: Kantu Jira Kaputxinoetan, 12:00etan.
- Hilak 30, astelehena: (H)Erritmoz Ba¡dalaben plaza aretoan, 18:00etan.
- Abenduak 3, Eiskararen Eguna, osteguna: Blaitu MHLZ Kahoot lehiaketa. Izena eman behar da (klik hemen); 09:30ean Mintzodromoa Merkatuzarren 09:30ean hasita; Euskararen Kalejira, zutabeak Beraun eta Fanderiatik Foru plazan elkartzeko, 18:00etatik 19:00etara.
