"Behobiarena oso gustuko dudan eguna da"
Patinatzaileek ziztu bizian egiten dute Behobia-Donostia. Gurpildun aulkiko kirolariekin batera haiek arduratzen dira zirkuitua zabaltzeaz. Lezoarrak eskarmentua du proban, eta gogoz bizi du.
Arkaitz Goya Olaizola roller kirolaria. Korrikalariek bakarrik ez. Gurpildun aulkietan dabiltzan kirolariek eta roller edo patinekin aritzen direnek osatzen dute Behobia-Donostiaren partaideen familia erraldoia. Roller kirolaria da Arkaitz Goya Olaizola lezoarra, eskarmentua du Behobian. Harro mintzo da hark gidatzen dituen Bekoerrota kiroldegiko gaztetxoen eta helduen roller taldeez, «herrian badago aukera irristaketan hasteko», esan du.
Zenbatgarren Behobia-Donostia izango duzu igandekoa?
Egia esan, ez daramat kontu zehatza. Gogoan dut patinekin egindako lehen biak ibilbide zaharrarekin egin nituela [2014tik du Behobiak egungo zirkuitua], eta baditut beste pare bat ere lasterka egindakoak. Uste dut zortzi bat patinekin eginak ditudala.
Bide zaharrak xarma berezia zuen lezoarrentzat, herrigunetik pasatzen zelako. Orbegozoko malda, adibidez, intentsitate handikoa zen, eta portutik tren errail artean pasa behar zen.
Lasterketaren eguna. Emozioa da parte hartzaile gehienen ahotan dagoen hitza. Hala al da zuretzat?
Oso gustuko dudan eguna da. Goiz altxa, autobusa hartu, Behobiara joan, patinak jarri eta lasterketa egin. Oso ondo antolatua dago dena: motxilak-eta Behobian utzi eta helmugara eramaten dituzte, irteerara joateko garraio publiko aukerak daude… Hasi aurretik taldekideak elkartzen gara [Bera Bera Irristaketa Taldekoa da Goya] argazkia ateratzeko… Hemengo patinatzaileentzat lasterketarik inportanteena da Behobia.
Nola iritsi zara roller izatera?
Lagun baten patinekin hasi nintzen haur nintzela, eta txikitatik gustuko izan dudan jarduera izan da, ez dut sekula utzi. Egin izan ditut kirolean beste gauza batzuk, baina ez diot patinatzeari utzi, beti izan du lekutxo bat nire bizitzan. Bost bat urte dira Lezoko lagun pare bat Bera Beran hasi zirela patinatzen, eta hara joatera animatu ninduten abiaduran trebatzeko. Han hasi aurretik probetan ateratzen nintzen, baina ez nuen lortzen jende artean edo gure artean esaten dugun bezala trenean egoki joatea. Bera Beran hori egiten ikasi dut, eta gustura ari naiz.
Lehenik gurpildun aulkietan dabiltzanak ateratzen dira. Gero zuek, 09:35ean. Zirkuitua irekitzen duzuela esan daiteke.
Gozamena da hori. Patinatzaileek ez ditugu lehia asko, eta Behobiatik Donostiaraino patinatzen joateko aukera izatea sekulakoa da. Joan den asteburuan Bergarako Antxintxika lasterketan izan nintzen, baita urriaren 25eko Donostiako hamabost kilometrokoan ere. Ez dira lasterketa asko izaten, eta gehienak korrikalariekin batera egiten direnak dira, nork bere irteerarekin.
Lau begirekin joan behar duzue patinatzen.
Abiadura handiak hartzen dira patinatzen, eta sarritan pelotoian edo taldean ere joaten gara. Errepideak ez daude patinatzeko prestatuak: putzuak daude, zuloak, zebrabideak, hartxintxarrak, errepidea ere euriagatik bustita egon daiteke… Arrisku uneak izatean dira. Taldean gaudenean, gainera, edozein ukituk desoreka zaitzake, eta oso arriskutsua da hori. Niretzat Behobiako zatirik ederrena da Gaintxurizketako gainetik Lintzirineraino doana: luzea da, abiadura hartzen da, eta Erne dantzalekua zenaren ondoko tunelean sartu, eta han den batukada entzutean sekulakoa da sentsazioa. Alde fisikotik ez da eskaera handikoa Behobia, baina oso teknikoa da.
Bidean hurbilekoak izango dituzu animatzen, ezta?
Bai, bai. Esaten diet malda goraren batean jartzeko, horrela errazago ikusiko nautelako. Aurtengo nire helburua gozatzea izango da, Behobiaren prestaketan aurreko urteetan baino lasaiago ibili naizelako.
