Mikel Arruti Salaberriak Lezoko EH Bilduren alkategai bezala errepikatuko du
Lezoko EH Bilduren Mahai Politikoak Arruti proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egitekoak diren udal hauteskundeen koalizioaren buru izateko. Orain, militanteek berretsi behar dute proposamena.
Mikel Arruti Salaberria.Lezoko EH Bildu Lezoko EH Bilduren Mahai Politikoak proposatu du Mikel Arruti Salaberria izatea 2027ko maiatzaren 23an egitekoak diren udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua. Egungo alkate da. Hirugarrenez izango du koalizioak udal hauteskundeetako zerrendaburu Arruti, 2019koetan eta 2023koetan ere hala izan zelako. Herriko bilkideek berretsi behar dute orain proposamena.
Arrutiren “gertutasuna, konpromisoa eta ibilbide politikoa” nabarmendu ditu Mahai Politikoak proposamenaren egokitasuna argudiatzeko, “ezaugarri horiek ezinbestekoak dira herritarren beharrei eta kezkei erantzuteko, eta Lezoren etorkizuna herritarrekin batera eraikitzen jarraitzeko”.
2019ko eta 2023ko udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaren buru izan zen Arruti. 2019koetan, nahiz eta koalizioak hauteskundeak irabazi, ez zen alkatetzara iritsi: EH Bilduk sei zinegotzi eskuratu zituen orduko hartan, EAJk beste sei (EH Bilduk baino 108 boz gutxiago jaso zituen), eta PSE-EEk bat. Jeltzaleek eta sozialistek akordioa egin, eta Jesus Mari Martiarena izendatu zuten alkate. 2023koetan, berriz, EH Bilduk zinegotzien gehiengo osoa lortu zuen (zazpi) EAJri (bost zinegotzi) 416 botoko aldea aterata. 2023ko ekainean izendatu zuten Arruti alkate.
“Ardura, ilusio eta konpromiso handiz hartu dut erabakia”, azaldu du Arrutik bere sare sozialetan. Alkategai izateko ardura ez dela arina adierazi du egungo Lezoko alkateak, baina herriaren alde lan egiteak “poza eta betetasuna” ematen dizkiotela aitortzeaz gain, adierazi du 2023an hasitako bideari eutsiko diola: “2023ko hauteskundeetan jaso genuen babes zabalari esker bide berri bati ekin genion. Erronka handia genuen aurrean, baina argi genuen Lezok aurrera begirako proiektu berri bat behar zuela. Herriaren beharrak eta nahiak erdigunean jarriko zituen proiektua. Ordutik, bide hori egiten ari gara; ilusioz, lan handiz eta bidean ikasiz. Orain, hasitako bide horri segida eman nahiko nioke”.
Arrutiren arabera, Lezo hobetzeko modurik onena herritik bertatik lan egitea da, “herritik eta herriarekin”. Hala, lezoarrek, herriko elkarteek, eragileek “egunerokoan Lezo bizirik” mantentzen dutela sinetsita dago. “Badakit oraindik ere badugula zer hobetu, zer egin eta zer amestu. Eta horrek sortzen dit ilusioa eta indarra. Berriro ere, ahal dudan onena emateko prest nago; gertutasunez, zintzotasunez eta lanerako gogoz. Lezo maite dudalako eta sinesten dudalako elkarrekin egiten dugun bideak merezi duela”.
