Martxan da Pasaiako Zinema Txikia
Zortzi saiok osatzen dute 2026-2027 ikasturtea. Bihar bigarren filma proiektatuko dute, 17:30ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
Joan den urteko emanaldi batean ateratako irudia da honakoa. Martxan da 2026-2027 ikasturteko Pasaiako Zinema Txikia. Egitasmoa bederatzi urtetik beherako haurrei begirakoa da, eta bere helburua da gazteenek asteburuetan euskaraz gozatzeko aukera izatea. Haurrek arduradun batekin joan beharko dute saioetara, baina haurrei zuzendutako jarduera bat denez, haiek izango dute lehentasuna.
Aurtengo ikasturteak zortzi saio izango ditu, urritik apirilera bitartean. Lehen proiekzioa urriaren 3an izan zen, eta Tafiti eta bere lagunak filmak ireki zuen Zinema Txikiaren ikasturtea. Bigarren saioa bihar (larunbata, hilaren 7a) izango da, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, eta Baba Yaga da proiektatuko duten filma, 17:30etik aurrera.
Saioek 90 minutuko iraupena dute, eta Antxon, Donibanen eta Trintxerpen izango dira, 17:30ean. Ohi bezala, motora zerbitzua eskainiko da Donibaneko proiekzioetara joateko. Motora 17:00etan irtengo da Trintxerpeko ontziralekutik, eta San Pedron ere geldialdia egingo du, jendea hartzeko. Sarrerak doakoak dira, baina aurrez erreserbatu behar dira Bibe plataforman.
Zinema Txikia 2026-2027
- Urriak 3: Tafiti eta bere lagunak, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
- Azaroak 7: Baba Yaga, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
- Azaroak 28: Karmengo Ama ikastetxeko LH2 eta LH3ko ikasleek aukeratutako filma, Trintxerpeko alkateordetzan.
- Azaroak 28: Karmengo Ama ikastetxeko LH2 eta LH3ko ikasleek aukeratutako filma, Antxoko kultur etxean.
- Urtarrilak 9: Pasaia-Lezo Lizeoko LH2ko ikasleek aukeratutako filma, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
- Otsailak 20: Ochiren legenda, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
- Martxoak 13: Buffalo Kids, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
- Apirilak 17: Gangster txikia, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
