Milaka partaide, ikusle eta emozio
Behobia-Donostiaren 61. ekitaldiak korrikalariz eta ikuslez beteko ditu beste behin Irungo, Hondarribiko eta Oarsoaldeko errepideak eta horien ertzak. 30.000 parte hartzaileetatik 1.625 izango dira bertakoak.
Hemen da urteko igande izerditsuena. Etzi jokatuko da Behobia-Donostia lasterketaren 61. ekitaldia. 29.301 korrikalariek, 156 patinatzaileek, eta gurpildun aulkietan aritzen diren 93 kirolariek izaera berezia emango diete Irungo, Hondarribiko eta Oarsoaldeko lau herrietako errepideei. Sei herrietatik pasatzen baita gero eta sona indartsuagoa duen lasterketa: ibilbidearen hiru laurdenak bertakoak dira.
30.000etik gorako partaideen artean ehunka batzuk Oarsoaldekoak eta Bidasokoak izango dira. Milaka izango dira, ordea, Irunen, Gaintxurizketan, Errenteria-Oreretan, Antxon edo Trintxerpe aldean izango diren ikusleak. Gehienak bertakoak, baina kanpokoak asko. Behobiaren partaideen artetik 8.349 direlako gipuzkoarrak, hau da, beste 21.000 pasatxo kirolariak laguntzera eta animatzera etorriko direnak ugari izango dira; haietako zenbait inguruko hotel, ostatu, jatetxe eta dendetako bezero izango dira egunotan.
Behobian du irteera proba erraldoiak. Hara joateko autobus, tren eta topo zerbitzu bereziak izango dira. Noski, irundarrek edo hondarribiarrek askoz errazago izango dute hasierako puntu horretara iristea. Iaz ez bezala, aurten trena erabili ahalko da abiapuntura iristeko (Irungo tren geltokira, handik autobusa har daiteke Behobiara joateko), eta horregatik, iazko 28.000 korrikalarien muga 30.000ra zabaldu da aurten. Irteera hartan hainbeste jende pilatzeak ingurumen arazoak sortu ohi ditu: Fortuna Kirol Elkarte antolatzaileak denei eskatu die sor ditzaketen hondakinak prest izango diren tokietan botatzeko, azken orduko txizaldiak jarriko diren komunetan egiteko, eta soberan den arropa horretarako propio jarriko diren edukiontzietan uzteko.
21 irteera
Antolakuntzak azken urteetako sistema erabili du irteerarako: modalitatearen edo ziurtatutako denboraren arabera aterako dira kirolari guztiak. Hala, lehenak irteten gurpildun aulkian ariko direnak izango dira, 09:30ean ekingo diote Behobia-Donostiari. Ondoren rollerren txanda izango da (09:35), eta irristatzaileen segidan korrikalarien hemeretzi multzoak hasiko dira ateratzen: 09:55ean eliteko emakumeak (dortsal horia dute); 10:01ean dortsal gorridunak; 10:02an berdeak; 10:04tik zenbaki gorria dutenen bi irteerak daude programatuta; 10:10ean dortsal urdina dutenak hasiko dira lasterka (lau multzo dira); jarraian (10:29) laranjen hiru abiatzeak izango dira; eta azkenik, 10:45etik aurrera, zenbaki zuria dutenen zazpi irteeren tartea hasiko da: 11:35ean abiatuko da zurien azken taldea.
Ibilbidean azken bi urteetako aldaketa izango du Behobiak: Katea auzoan, Bacaladera enpresaren ondoko errepidea hartu beharko dute partaideek handik Letxunborrora joateko. Izan ere Irungo auzoa gainetik pasatzen zuen zubibidea bota zuten, eta oraindik ere hango obra ez da erabat bukatu. Beraz, 20 kilometrokoa beharrean, 20.196 metrokoa izango da Irun eta Gipuzkoako hiriburua batzen dituen lasterketa.
Aurten bada berritasun bat irteeran. Irungo Behobia auzoko Eraiki Dantza Taldeko kideek irteerako lerroan ohorezko aurreskua dantzatuko diete aurrez aurre izango dituzten milaka kirolariei, lehen irteeraren aurretik. Irungo dantzariak bezala, dozenaka eta dozenaka izango dira boluntario lanean izango diren Bidasoko eta Oarsoaldeko talde, elkarte eta ikastetxeetako kideak.
1.625, bertakoak
Asteartean egin zuen 2026eko Behobia-Donostiaren aurkezpena Fortuna Kirol Elkarteak. Han esandakoen artean, herriz herrikako izen emateen aurtengo datua eman zuten. Horren arabera, 631 irundar izango dira Behobiako irteeran, errenteriarrak 410 izango dira, hondarribiarrak 196, pasaitarrak 163, oiartzuarrak 133, eta lezoarrak 92; 1.625 denera beraz. Iaz karrera bukatu zuten Oarso-Bidasoko kideekin alderatuta (1.228 izan ziren), bertakoen partaidetzan gorakada izan dela suma daiteke.
Behobia-Donostia urteko lasterketarik garrantzitsuena da korrikalari askorentzat. Kontuan har dezatela, ordea, bertako herrietan badirela urtean zehar proba txikiagoak, baina denak ala denak mimo handiarekin eta arduraz antolatuak.
Behobiazaleak errepide ertzean, eta barruan
Bidasotik eta Oarsoaldetik pasatzen da Behobia-Donostiaren zatirik handiena. Milaka dira errepideetara animatzera ateratzen direnak, milaka lehiakideen artean hurbilekoak dituztelako askotan. Hala, iaz 25.209 korrikalarik bukatu zuten 20 kilometro pasatxoko lasterketa, eta horietatik 1.228 izan ziren Oarsoaldeko lau herrietakoak nahiz Hondarribia edo Irungoak, denen artetik %4,87.
Iaz, 476 irundarrek osatu zuten proba, eta azkarrenak Ana Lopez de Tejada eta Jose Antonio Gomez de Arriba izan ziren; helmugaratu ziren 164 hondarribiarren artean, berriz, Marta Gomez eta Beñat Bengoetxea izan ziren lehenak.
Errenteria-Oreretako 326 lasterkarik zapaldu zuten iaz Donostiako Bulebarreko helmuga, eta haien artetik arinen Izaskun Iñarra eta Xakib Laxgar ibili ziren; lezoarren arteko markarik onenak —53k egin zuten lasterketa osoa iaz— Iratxe Etxegoienek eta Jon Ander Iparragirrek egin zituzten.
Pasaiak ere ordezkaritza zabala izan zuen 2025eko Behobian, eta haien buru, denboretan behintzat, Nagore Azkargorta eta Ibon Iñarra izan ziren; oiartzuar onenen sailkapenaren gorenean (88 herritarrek bukatu zuten), ordea, Leire Urritegi eta Julen Andiano izan ziren.
Iazko Oarso Bidasoko sailkapena eginez, emakumeetan Leire Urritegi izan zen markarik onena egin zuena (1.21.16), eta gizonetan Xakib Laxgar (1.02.25) izan zen azkarrena.
