Oinen zaintza gako, helmugara heltzeko
Gero eta arlo gehiagori erreparatzen diete kirolariek baldintzarik egokienetan aritzeko. Oinen osasuna zaintzeko gakoak eman ditu Lierni Murgiondo Olaizola Matxain Podologia Aurreratua Zentroko podologoak.
Matxain Podologia aurreratu zentroa.Matxain Podologia Aurreratu Zentroa Gorputzaren eta zoruaren arteko lotura puntu bakarra dira oinak; funtsezko egitekoa dute lasterka egiteko garaian. Azken hogei urtean asko aldatu da oinen gaineko pertzepzioa eta horien zaintza lehenesten ari dira beste arloekin batera lasterkari asko. Igandean korrikari mordoa aterako da errepidera Behobia-Donostia lasterketa egitera; 20 kilometro horiei aurre egiteko ezinbestekoa izango dute aurre prestaketa egoki bat egin izana, gorputz atal ezberdinak eta arlo psikologikoa ere landuta, ahalik eta baldintza onenetan egiteko proba, baita helmugaratzea ere.
Errenteria-Oreretako Matxain Podologia Aurreratua Zentroko podologoa da Lierni Murgiondo Olaizola. Berak aletu ditu lasterketan oinek egoki erantzun eta haiekin arduraz eta abegikor jokatzeko ezinbesteko gakoak. Podologoa da, baita korrikalaria ere, eta Behobia-Donostian parte hartuko du, beste hainbat proba eginda ere, 2027ko otsailean Sevillan izango den maratoira begira prestatzeko. Argi esan du oso integratuta dituztela korrikalariek zein entrenamendu egin behar dituzten, «horiek bezain beste izan behar dira kontuan zein galtzerdi eta zapatila eraman lasterketara, oinak nola zaindu behar diren, eta hori ere, entrenatu egin behar da».
Egunero-egunero egin beharrekoak azaldu ditu lehenik. «Pertsona orok egin beharrekoak ditu oinen ongizatea bermatzeko. Jendea lasterketa baino hilabete lehenago hasten da obsesionatzen oinen zaintzarekin, baina urte osoan egin behar da, kirola egin edo ez. Lasterketa egin behar badugu, entrenamenduekin hasterakoan zainketa berezi batzuk gehitu behar dira». Oinak ongi lehortzea oinarrizkoa badirudi ere, ez duela jende guztiak egiten jarri du nabarmen, «gorputza lehortzen dugun moduan, behatzen arteko tarteak ere lehortu behar dira». Azazkalak nola eta noiz moztu behar diren ere azaldu du: «Beti zuzen moztu behar dira eta gelditzen diren izkinak limatu. Lasterketa baino bost bat egun aurretik moztu, ez bezperan». Azazkalekin lotuta horiek ez margotzeko eskatu du: «Lasterketan arazoren bat sortzen bada informazioa ezkutatzen die margo horrek sendagileei, baita lasterketa ostean azazkal azpian baba atera edo bestelako lesio bat sortzen bazaigu ere».
Hidratazioak ere ezin du hutsik egin; barnekoa, ura edanda; «ura ez badugu edaten giharrak eta tendoiak ez ditugu hidratatzen. Kanpoko hidratazioa, berriz, beti gauez, ohera joan aurretik eta galtzerdirik jarri gabe egin behar dugu kirolariak izan edo ez». Lasterketarako entrenamenduak hasitakoan, berriz, hidratazio hori tratamendu zehatzagoekin indartzea garrantzitsua dela azaldu du. «Entrenamenduekin batera hasi beharko genuke osagai bereziak dituzten kremak erabiltzen. Normalean urradurak ekiditeko krema, urea izaten dutenak erabili ohi dira. Horiek entrenatu baino lehen eman behar dira, eta lasterketaren egunean, hasi aurretik. Garrantzitsua da azala prestatzeko».
Zapatilak eta galtzerdiak, lasterketa egunean erabiliko diren bestelako jantzien antzera aurretik erabili behar dira entrenamenduetan, horietara ohitu eta gorputzera egokitzeko: «Lasterketa egunean ezin da zapatilarik estreinatu, hilabete lehenago hasi behar gara horiekin entrenatzen, errodajea ematen; berdin galtzerdiekin». Azken horiek, gainera, azal motaren eta transpirabilitatearen arabera aukeratu behar direla azaldu du Murgiondok. Garbiketarekin lotuta oharra oinetan adituak: «Galtzerdien ehunak transpirabilitatea emateko moduan daude kokatuta, leungarria erabiltzen badugu garbiketa zikloan ehunak taponatu egiten ditu eta galtzerdiaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat galdu egiten da; kirol arropan ere gertatzen da». Galtzerdi egokiak erabiltzeko eskatu du, «azala zapatilatik babestuko du galtzerdiak».
Oinak ere entrenatu behar
Beste gorputz atalak bezala, oinetako giharrak eta tendoiak entrenatu egin behar direla gogorarazi du, «batzuk propiozeptibitatea lantzen, beste batuk gihar ahultasunen bat badute ariketa zehatzak eginez». Gogorgune, baba edota etenak baldin badira oinetan, podologoarenera garaiz jotzea ere gomendatu du Murgiondok, baina azken unean ere sor daitezke horiek: babak izatekotan, edo azala urratzen bada, baselina eman edo tape motako hesgailua baliatzeko aholkatu du, «beti ere entrenamenduetan probatu lasterketan erabiliko dugun hori. Compeed motako partxerik ez erabili». Nabarmen-nabarmen jarri du: «Lasterketa egunean esperimenturik ez, ez zapatila edo galtzerdi berririk».
Lasterketa bukatuta ez da egitekoen zerrenda itxi oinei dagokienean. Hala, oinak begiratzeko gomendatu du: «Zerbait baldin badago podologoarenera joan. Jende askok maratoi bat prestatzeko erabiltzen du Behobia-Donostia lasterketa, eta buruko min handiena babak izaten dira, bai azalekoak, bai azazkal azpikoak ere. Azken kasu horretan, azazkala zulatu eta baba drainatu egiten dugu». Azalean den kasuetan, etxean bertan egin daiteke, «esterilizatutako orratz edo bisturi batekin zulatu, betadine eman, hidrogela edo partxe bat jarri, eta bendaje konpresibo bat jarri berriro ez handitzeko. Azala ez da inoiz kendu behar».
Askotan osasuna jokoan jartzen dela eta «astakeriak» egiten direla uste du Murgiondok. «Hilabeteak prestatzen eman eta azken uneko lesio bat suerta daiteke. Halakoetan osasuna edo lasterketa jarri behar da balantzan, eta arlo psikologikoa garrantzitsua da. Lesioa ezkuta daiteke medikazioarekin edo filtrazioekin lasterketa egiteko, baina gero lau hilabete emango dituzu ezer egin ezinik». Osasuna lehenetsi du Murgiondok.
Prestaketa fisikoan eta mentalean ere jarri du fokua: «Gaur egun badirudi 21 kilometro edozeinek egin ditzakeela, erraza dela, eta nik seriotasun puntua jarri nahi nioke horri. 21 kilometro dira, aldapa gora eta behera, eta prestatu egin behar da; prestatu behar dira oinak, gorputza eta burua».
