Pasaia indarkeria matxistaren kontra
Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Pasaiako Udalak egitaraua prestatu du herriko eragileekin elkarlanean.
Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Pasaiako Udalak egitaraua prestatu du herriko eragileekin elkarlanean. Pasaia indarkeria matxistaren kontra! lelopean, egitarauak indarkeria matxistari buruz hausnartzeko eta kalean haren aurkako jarrera adierazteko aukera eskainiko duela adierazi du udalak.
Honakoa adierazi du Aintzane Taberna Berdintasun zinegotziak: “Aurten ere askotariko egitaraua osatu dugu, indarkeria matxistaren inguruan hausnartzeko, gaitz horren inpaktuari ikusgarritasuna emateko eta herritarren parte hartzea eta kontzientziazioa sustatzeko. Garrantzitsua da indarkeria matxista identifikatzeko tresnak izatea, prebentzioan lan egitea eta emakumeen ahalduntzea eta autonomia indartuko dituzten espazioak sortzea. Pasaian, indarkeria matxistarik gabeko herria eraikitzen jarraitzeko lanean ari gara, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu bide horretan parte hartzera, kasu honetan, egitarau honen bidez”.
Udalak dei egin die herritarrei hilabete osoan zehar egingo diren jardueretan parte hartzera. Hona hemen egitaraua:
Egitaraua
- Hilabete osoan zehar: Brenda Sosaren Ustiapen ereduari aurre egin zioten emakumeak erakusketa, Trintxerpeko alkateordetzan. Ustiapen ereduari aurre egin zioten emakumeak ditu ardatz erakusketak.
- Hilaren 10ean: Clara Wolframek Nire gorputza, harremanak, desioa hitzaldia emango du Trintxerpeko Ulia Kulturan, 18:00etatik 20:00etara, elebitan.
- Hilaren 12an: Pasaiako Mapa Morea eta Puntu Ilunak lantzeko saio irekia egingo da herritarrekin, Donibaneko Kulturgunean, 18:30ean.
- Hilaren 24an: Sucia. Zergatik ez zenuen ezer egin? dokumentala Antxoko Kultur Etxean. Ondoren, solasaldia Sorburu Kooperatiba Elkarte Txikiaren eskutik. Saioa 18:30etik 20:00etara izango da, elebitan.
- Hilaren 25ean: Kulturarteko Elkarrizketak saioa egingo da Trintxerpeko alkateordetzan, 17:00etatik 19:00etara, elebitan.
- Hilaren 25eko mobilizazioak: Donibane: 19:00etan, Bixi Bixi elkartearen eskutik. Barrutiko elizetan hil kanpaiak joko dituzte, auto karabana egingo dute eta udaletxe zaharra argi morez argiztatuko dute. Trintxerpe: 19:30ean, Entre Orillas elkarteak elkarretaratzea egingo du Gernika plazan.
- Hilaren 28an: Bixi Bixiren eskutik, Ojos Violeta taldeak kontzertua egingo du Donibaneko Kultur Aterpean, 20:30ean. Emanaldia euskaraz izango da, eta sarrera doakoa.
