Baionako manifestazioan parte hartzeko deia egin du Bokalek
Manifestazioa hilaren 21ean izango da, 16:00etan, 'Euskararen garaia da lelopean'. Mobilizazioaz gain, egun osoko programazioa ondu du Euskal Konfederazioak.
Euskararen garaia da lelopean, Euskal Konfederazioak manifestazioa egingo du Baionan hilaren 21ean (larunbata). Bokale Pasaiako Aholku Batzordeak euskaltzale guztiei dei egin die manifestazio horretara joan daitezen.
Mobilizazioa 16:00etan hasiko da Lauga kiroldegitik, baina manifestazioa ez da hilaren 21erako antolatu duten jarduera bakarra, egun osoko egitaraua ondo baitu Euskal Konfederazioak. 11:00etatik aurrera animazioak eta hitzorduak egongo dira, eta 18:00etan gaualdia egingo da giro goxo, herrikoi eta familiarrean.
Manifestazioak lau aldarri nagusi dituela adierazi du Bokalek: euskararen koofizialtasuna Ipar Euskal Herrian; Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea, ez dadin frantsesa izan Frantziako estatuan onartutako hizkuntza bakarra; Ipar Euskal Herriko erakundeek euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzea; eta hizkuntza gutxituen aldeko lege babes ausarta onartzea, euskaldunen eskubideak aitor daitezen. Horrez gain, hainbat prefetek euskararen kontra izan dituzten jarrera ere salatuko dituzte.
“Larrialdi egoeran da euskara, baina hizkuntza bizia da. Mendeetan zehar jasan dituen erasoen gainetik iraun du; eta XXI. mendera jauzi egin du hiztun komunitate indartsu batek babestu duelako”. Hori dela eta, Bokalek dei egin du manifestazioan parte hartzera.
