Bi emanaldi San Pedroko Musika eta Abesbatza astean
Urrian bi emanaldi egin ondoren, Ondartxo kultur elkarteak antolatzen duen egitasmoaren 41. ekitaldiak jarraipena izango du asteburuan. Kontzertuak ostiralean eta larunbatean izango dira.
Urrian bi emanaldi egin ondoren, Ondartxo kultur elkarteak antolatzen duen San Pedroko Musika eta Abesbatza astearen 41. ekitaldiak jarraipena izango du asteburu honetan, beste bi emanaldirekin. Biak barrutiko elizan izango dira.
Ostiralean (hilaren 13an) Illunbe orkestra sinfonikoa eta Easo beteranoak taldeak izango dira San Pedron, 19:30etik aurrera. Illunbek 1985ean hasi zuen bere ibilbidea, Jose Luis Oconen gidaritzapean. 1986an Joseba Garmendiak hartu zuen taldearen gidaritza, eta San Pedroko Musika eta Abesbatza astearen lehen edizioan izan ziren, Illunbe eta Ondartxo abesbatzekin batera.
2003an beren ibilbidea eten zuten, eta 15 urtez oholtzetatik at egon ondoren, 2017an beren jarduna berrartu zuten. Garmendiaren gidaritzapean iritsiko dira San Pedrora, esperientzia handia duen abesbatza batez lagunduta.
Easo beteranoak taldeak 1940tik 1990era bitartean bideratu zuen hasierako jarduna. Ahots eta teknika onarekin, Europan barrena bidaiatu zuten. Mota askotako genero eta estiloak interpretatzen zituzten, baina beren helburu nagusia zen euskal folklorea eta Euskal Herriko konpositoreen lanak zabaltzea.
2015ean 75 urte bete ziren abesbatzaren sorreraz, eta familia guztia berriro elkartu zen. Hor hasi zuten abesbatzaren bigarren etapa, Ramon Berazaren gidaritzapean.
Larunbatean (hilaren 14an) Dos-i taldea izango da San Pedron, 20:00etatik aurrera. Donostian sortutako ahots talde eta ganbera abesbatza da. Proiektua musika koralean eskarmentu handia zuten abeslari talde baten ekimenez sortu zen. Kide horiek formatu murritzagoa eta dinamikoagoa esploratzeko elkartu ziren, musika soilik a capella interpretatzeko asmoarekin. Beren ibilbidean nazioarteko musikaren klasiko handiak berrinterpretatu eta egokitu dituzte, Iñaki Karkamoren gidaritzapean.
