"Gaintxurizketa bizirik!" Behobia-Donostian
Lezoko auzoan egin nahi den plataforma logistikoari kontrakotasuna adierazteko bi orduko elkarretaratzea egin zuten atzoko lasterketan.
Elkarretaratzearen une bat, alboan korrikalariak daudela. Behobia-Donostiaren harira bi orduko elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka kidek errepidearen ertzean, Gaintxurizketa auzoan. Han egin asmo den plataforma logistikoari kontrakotasuna adierazteko mobilizazio luzea izan zen, “bi orduz ozen zabaldu genuen ez dugula gure auzoa desegiterik nahi; eta ez dugula plataforma logistikorik onetsiko, hain beharrezkoa den landa eremua txikitzeaz gain, gure etxeetatik bota gaitzaten ez dugulako onartuko”.
Korrikalarien babesa jaso zutela adierazi dute han izan zirenek: “Ohikoena ikusleek korrikalariak animatzea bada ere, igandean ugariak izan ziren gure borrokarekin bat egin eta gu animatuz pasa ziren korrikalariak. Badakigu ez gaudela bakarrik eta badakigu arrazoia gure alde dagoela”.
Gaintxurizketan anabasa sortu nahi dutenei bidea ez dietela erraz utziko azaldu dute plataforma logistikoaren kontrakoek: “Hemen gaude eta ozen esaten jarraituko dugu: Plataforma logistikorik ez! Gaintxurizketa bizirik!”.
