Herriko bizitza eta ohiturak, 2027ko egutegirako
Datorren urteko egutegia osatzeko lehiaketa abiatu du Lezoko Udalak. Irabazleak 200 euroko bonua jasoko du, herrian erosketak egiteko.
2027. urteari begira jarri da jada Lezoko Udala. Zehazki, datorren urteko udal egutegira begira. Hala, udal egutegiaren azala eta hamabi hilabeteen alboan joango diren irudi edo argazkiak zeintzuk izango diren erabakitzeko lehiaketa abiatu du, gai zehatzekoa: Herri bizia: herriko bizitza eta herriko ohiturak. Gai zabala da, beraz. Egungo eta garai bateko irudiek bat egiten dute gaiarekin.
Lehiaketarako bost argazki gehienez bidal ditzake parte hartzaile bakoitzak, eta denek horizontalak behar dute izan. Bi eratara aukez daitezke: aurrez aurre Kultura Aretoan (astegunetan 08:30etik 13:30era), edo udalaren webgunearen bitartez (online bidaltzen badira, JPG edo PNG formatuetan helarazi behar dira irudiak). Lehiaketan parte hartzeko baldintza zehatzak ikusteko baliatu esteka hau. Argazkien entregarako epemuga hilaren 30a izango da
Aurkeztu diren guztietatik hamahiru argazki aukeratuko ditu epaimahaiak. Batek sari nagusia irabaziko du, herriko dendetan erosketak egiteko 200 euroko bonua: egutegiaren azala izango da hura. Gero, 2027ko hilabete bakoitzeko egunen zerrendaren ondoan joateko beste hamabi irudi izango dira aukeratuak.
Abenduaren 1ean hautatuko ditu epaimahaiak egutegirako beharrezkoak diren hamahiru argazkiak, eta hil horren 7tik aurrera ikusgai izango dira udalaren webgunean. Egutegiak abenduaren 18tik aurrera banatuko dira.
Aukeratutako gaiarekin lotuta, udalak adierazi du Lezoko eguneroko bizitza eta herriaren nortasuna irudien bidez jasotzea dela helburua, “herritarrek euren begiradatik Lezo nolakoa den erakusteko aukera izan dezaten”. Horretarako, herritar guztiak gonbidatu ditu Lezoko Udalak lehiaketan parte hartzera eta beren argazkiak aurkeztera.
