Erronka, gehiago birziklatzea
Informazio eta sentsibilizazio kanpaina abiatu du udalak birziklapenaren gainekoa; gaur-gaurkoz Errenteria-Oreretako 5.000 etxebizitzek ez dute hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzen.
Hondakinak biltzeko kanpainaren aurkezpena Gehiago birziklatzea eta herritarrek hiri hondakinen gaikako bilketan eta birziklapenean duten inplikazioa eta konpromisoa areagotzea. Horiek dira Errenteriako Udalak birziklatzearen gainean abiatu berri duen informazio eta sentsibilizazio kanpainaren helburuak. Atzo aurkeztu zuten kanpaina hori Lartzabal auzoan Yolanda Martin Ingurumen Zinegotziak, Bernar Lemos Hiri Mantenuko zinegotziak, Joxean Madinazkoitia Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko eta Hondakin Mahaiko kideak, Haizea Lasa Lartzabalgo auzo elkarteko presidenteak, Iñaki Azkarate Ingurumen teknikariak eta kanpainaz arduratuko den Artelatzeko ordezkariek. Helburuak betetzeko hainbat estrategia landuko ditu kanpainak, eta gaur egun hondakin organikoen gaikako bilketan parte hartzen ez duten etxebizitzak aktibatzeari arreta berezia eskainiko dio, eta horretarako ingurumen-hezitzaileek udalerriko 5.000 etxebizitza inguru bisitatuko dituzte. Bisita horietan, birziklatzeko egungo sistemari buruzko zalantzak argitu eta materia organikoa bereizteko arrazoiak emateko.
Ehun saltokitan ere egingo dituzte bisitak hezitzaileek.
Horrekin batera, informazio gune finko eta mugikorrak antolatuko dituzte herrian. Horrela, Zu! herritarren Arreta Zerbitzuan arreta pertsonalizatua emango da zalantzak argitzeko eta kalitatezko gaikako bilketaren onurak ezagutarazteko. Gainera, organikoa irekitzeko txartelak inprimatu ahal izango dira. Hilaren 16tik, astelehena, abenduaren 4a arte udaletxean izango da aukera hori, eta abenduaren 9tik 15era aldakoenean.
Gune ibiltariak udalerriko hainbat auzotan izango dira, eta horietan, hondakinak behar bezala kudeatzen eta birziklatzen laguntzeaz gain, konpost materialez betetako poltsak jarriko dituzte herritarren eskura, baratzetan edo lorategietan erabiltzeko, eta ikus dezaten zer produktu ateratzen den hondakin organikoetatik. Gune ibiltarien egutegi eta ordutegia, beheko koadroan kontsulta daiteke.
Ez da makala egitekoa, kalkulatu baitute 5.000 etxebizitza direla bio hondakinen bilketan parte hartzen ez dutenak—17.000 etxebizitza inguru dira Errenteria-Oreretan—. Horrek noski, ondorioak ditu osasunean, ingurumenean eta baita ekonomian ere, hondakinen kudeaketa garestitzen duelako. Errenteria-Oreretan derrigorrezkoa da gaikako bilketa egitea etxetik 2017tik; aho batez onartutako ordenantza da, alderdi guztiek aho batez onartua derrigortasun horrekin.
Mezu argia Martinek atzoko aurkezpenean, “gehiago birziklatzea merkeago ateratzen zaigu”. Uztailean aurkeztu zutela Hondakinen Partzuergoaren tarifikazio berria gogorarazi zuen ingurumen zinegotziak; horren arabera, Bioaren tratamendua tonako 99 eurokoa da, eta errefusaren frakzioaren tratamendua tonako 231 eurokoa. Ondorioak argiak dira, “zenbat eta hobeto bereizi, orduan eta merkeagoa da tratamendua; eta bestetik, herritar batzuk behar bezala ez bereizteak, eragin negatiboa du udalerri gisa ordaindu behar den horretan”. Datu argigarria ere man zuten atzoko agerraldian udal ordezkariek. Edukiontzi sistema bera dute Errenteria-Oreretak eta Urnietak; bada Errenteria-Oreretaren bereiztearen ehunekoa Urnietaren bereiztearen parekoa balitz, 300.000 euro aurreztuko lirateke tratamenduaren fakturan. Bada zerbait.
Ez da kanpaina horretara mugatuko. Udalerriko atari guztietan informazio txartelak jarriko ditu udalak eta Errenteria-Oreretako birziklatze gida eguneratuaren aleak banatuko ditu udalak. “Gaikako bilketaren eta birziklapenaren aldeko mezu argi eta eraginkorra helarazi nahi diegu Errenteriako familia guztiei—gaineratu du Martinek— izan ere, udalerri garbiago, jasangarriago eta osasuntsuago bat eraikitzea erantzukizun kolektiboa da. Eguneroko ekintza txiki bakoitzak eragin nabarmena du”. Deia Martinek eta Lemosek, urrats berriak egiteko hondakin gutxiago sortu, gehiago birziklatu, eta udalerriaren etorkizuna babesteko, elkarrekin.
Proba pilotua
Atzoko agerraldian Lartzabal auzoan udalak abiatuko duen proba pilotuaren berri ere eman zuen Ingurumen zinegotziak. Errefusa biltzeko edukiontziak zabalik dira Errenteria-Oreretan, ez da txartelik behar bertan hondakinak biltzeko. Bada aurrerantzean Lartzabal auzoko edukiontzi grisak itxita izango dira, eta horiek zabaltzeko txartela erabili beharko da, “pausu bat da, aztertuko dugu zein emaitza izango dituen, eta asmoa da aztertzea beste auzoetara nola zabaldu neurri hori”.
Edukiontzi marroiak aldatu
Errenteriako Udalak etxeko eta merkataritzako hondakinen gaikako bilketarekin duen konpromisoaren barruan, hondakinak gaika biltzeko eta lehengaiak berreskuratzeko udal sistema optimizatze aldera hartutako neurriak dira aurrekoak, baita edukiontzi marroiak aldatzeko erabakia ere. Lemosek azaldu zuen datozen asteetan edukiontzi marroi guztiak ordezkatuko direla, “berriak erabilerrazagoak eta irisgarriagoak izango dira”. Hiri Mantenuko udal arduradunak azaldu du beti izan dela “kezka” udalarentzat edukiontzi marroien irisgarritasuna, “gaur bertan sinatu da kontratu berria eta hemendik gutxira bio hondakineko edukiontzi guztiak aldatuko dira”.
Urrats berri guztiak udalerriko hainbat kolektiborekin landu direla azaldu zuten Martinek eta Lemosek, hala nola, aholku Kontseiluarekin eta Hondakinen Mahaiarekin, “espero dugu hondakinen kudeaketak gure udalerrian, ekonomian, osasun publikoan, ingurumenean eta klima aldaketan duen eragina murriztea”.
Kanpainaz Artelatz Ingurumen Zerbitzuak arduratuko da, eta 2027an egingo dute eman duenaren balorazioa.
Informazio gune ibiltariak
Goizeko ordutegian 09:30-13:30
- Hilak 17: Fanderia errota ingurua.
- Hilak 18: Galtzaraborda, Jubilatuen klub inguruan
- Hilak 24: Agustinak auzokonpost gunean.
- Hilak 25: Iztieta-Ondartxo, Diputazio plazan.
- Abenduak 1: Kaputxinoak farmazia ingurua.
Arratsaldeko ordutegian 15:00etatik 19:00etara
- Abenduak 2: Olibet-Etxe Berriak, Lekuonako sarreran.
- Abenduak 9: Alaberga, auzo elkartearen ondoan.
